Urduñako Udalak oharra zabaldu zuen atzo sare sozialetan eta bere webgunean jakinarazteko norbaitek berriro kaka eginez gero igerilekuetan, garbiketa, osasun eta segurtasun lanen ondorioz 24 edo 48 orduz itxi beharko dituztela aisialdi azpiegiturak.
Tokiko erakundeak hori egitera behartuta ikusi du bere burua. Izan ere, ekainean igerilekuak ireki zituztenetik zortzi aldiz jazo dira horrelako gertakariak, zeintzuek "ez duten uraren osasungarritasuna eta bainularien segurtasuna bakarrik arriskuan jartzen, kostu ekonomiko eta antolaketa-kostu handia ere badakarte eta, gainera, eragozpenak sortzen dituzten aisialdiaz eta atsedenaldiaz gozatzera joaten direnentzat".
Hori dela eta, Udalak erantzukizuna eskatu die herritarrei, errespetuzko elkarbizitza bermatzeko. Bereziki, familiei egin diete aipamena.
Urduñako gertakariak eta Sopelan jazotakoak erronka biral baten emaitza direla zabaldu da. Udalak ez du bertsio hori baloratu nahi izan.
Protokoloa
Tokiko erakundeak, bide batez, argitu du nola jokatu behar duen igerilekuetan gorotzak agertzen diren bakoitzean, herritarrek jakin dezaten.
Uretan kakak daudela detektatu ondoren, honako hau da berehala aktibatzen den prozedura:
-
Kaltetutako azpiegitura berehala hustea.
-
Ikus daitezkeen hondakinak eskuz kentzea, ahal den guztietan.
-
Osasun-protokolo espezifikoa abian jartzea, honako hauek barne: klorazioa, produktu desinfektatzaileen aplikazioa eta robot automatikoaren bidezko garbiketa.
Prozesu horrek igerilekuaren itxiera prebentiboa dakar, gutxienez 8-24 ordukoa, hautemandako kutsadura motaren arabera. Izan ere, ez da gauza bera aldez aurretik tratatutako uretan esku hartzea edo ur garbian egitea. Kakei dagokionez, ez da berdina ezta likidoak izatea edo oso sakabanatuak egotea, kasu horietan ezinbestekoa delako garbiketa sakonagoa hondakin biologiko guztiak ezabatuko direla bermatzeko.
Zehaztu dutenez, kloro-mailak egiaztatu ondoren baino ez da baimentzen instalazioa berriro irekitzea, eta gainerako parametro fisiko-kimikoak ere ziurtatuta, indarrean dagoen osasun-araudiaren arabera, erabiltzaile guztientzako ingurune segurua eta osasungarria bermatuz.
Erronka birala?
EITBko Orain.eus informazio zerbitzu digitalak argitaratu du Urduñako gertakariak eta Sopelan ere jazotakoak erronka biral baten emaitza direla, baina ez du inolako frogarik erantsi. Urduñako Udalak ez du baloratu nahi izan bertsio hori.