Argazkilaritzan murgilduta abiatuko dute ikasturte berria Orduña Hiria Museoan, Frontera-Muga erakusketarekin. Ostiral honetan inauguratuko dute Zzzz taldeak garatutako proposamenan kolektiboa, arratsaldeko zazpietan, sortzaileen euren presentziarekin.
Zortzi argazkilari nafarrek osatzen dute taldea. 2013an abiatu ziren, argazkigintzan eta beste arte-adierazpen batzuetan jarduteko helburuarekin. Urduñan aurkeztuko duten erakusketa 2022an plazaratu zuten Iruñeko Ziudadelan, eta arrakasta handia izan zuen kritikaren zein publikoaren aldetik, museoko kideek nabarmendu dutenez.
Izenak iradokitzen duen bezala, mugei buruzko hausnarketa bat planteatzen du erakusketak. "Argazkia aldi berean muga erreal eta birtual bat dela esan genezake, materiala eta gorena, fotografiatutako errealitatera hurbiltzen eta aldi berean beregandik urruntzen gaituena", azaldu dute sortzaileek, "erakusketa honetan, irudiek, itxura desordenatuan antolatuta, kaotikoki muga-esanahi desberdinetan zehar eramaten gaituzte".
Azaroaren 2ra arte egongo da bilduma Urduñan ikusgai, museoko beste erakusketekin batera.