Gaur bolo-bolo aritu da urduñarren sare sozialetan Foru plazako piloia desmuntatzen ari zirela, baina horren azalpena aski erraza da. Udalak berak argitu duenez, egitura enblematiko hori konpontzeari ekin diote.
Berez, ur-ihesak ditu iturriak eta horiek amaitzea da esku-hartzearen helburua. Halaber, garbiketa lanak ere gauzatuko dituzte. Hain zuzen, ur-ihesa kalteak eragiten ari zen piloian. Harria desegiten ari zen eta pieza batzuk erortzear zeuden. Edonola ere, mantenu lan arruntak baino ez direla nabarmendu dute.
Urduñako udal arkitektoak gaineratu duenez, azken berritze lanak 1998an egin ziren eta une horretan egindako zenbait moldaketek (adibidez, zortzi iturrien ur irteera murriztu zen hodien bitartez) matxurak sortu dituzte epe luzera funtzionamenduan.
Horiek konpontzeko piloiaren piezak desmuntantu eta egokituko dituzte, "hamarkada gehiago iraun dezaten".
Eginkizun horiek burutzeko ez dute aparteko inbertsiorik aurreikusi eta udal brigadak berak hartu ditu bere gain.