TIM MEUSEN

“Uste dut garapen bidean dauden herrialdeetako kirolariek ere aukerak merezi dituztela”

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko urriaren 21a

Urteak daramatza Tim Meusen holandarra Urduñan bizitzen. / Aiaraldea.eus

TIM MEUSEN (Reuver, 1996) Txirrindularitzaren munduan murgilduta bizi da aspalditik. Aurtengo udan asiako sei txirrindulari gazte jaso ditu Urduñan, eta hauek entrenatzen eman ditu hiru hilabete.

Asiako hainbat txirrindulari artatu eta entrenatu dituzu udan Urduñan, nola iritsi dira kirolari gazte horiek eskualdera?

Istorio luzea da. Belgikan badut lagun bat, aita Hong Kongekoa duena. Iaz nirekin jarri zen harremanetan Kern Pharma taldeko talentuen programan sartuta zegoen Ho Man Yip gazte hongkondarra etxean jaso nezakeen galdetzeko. Nik baiezkoa eman nuen, baina nahiko egonaldi korapilatsua izan zen. Kern Pharma taldea Espainiako Itzuliko etapetan buru-belarri zebilen garaiarekin kointziditu zuen Ho Man Yipen egonaldiak. Taldeak gaztea alde batera utzi zuen, eta nik hartu behar izan nuen lasterketetara eramatearen ardura. Ez zen lan xamurra izan.

Aurten Ho Man Yipen talde osoa etorri da, hemengo lasterketetan lehiatu eta entrenatzera. Nik hauen egonaldia zuzentzeko ardura hartu nuen. Iazko esperientziaren ostean banekien ez zela erraza izango. Martxoan adostu genituen egonaldiaren nondik norakoak, Hong Kongera egin nuen bidaian.

Zenbat txirrindulari izan dira guztira?

Hong Kongeko lau txirrindulari eta Japoniako bi izan dira azkenean, 16-17 urteko gazteak guztiak. Hong Kongekoak kirol-talde berdinekoak dira, baina sei kirolari behar genituen zenbait itzulitan lehiatu ahal izateko. Lasterketa egutegi oparoa prestatu genien egonaldirako, tokiko lasterketak, lasterketa nazionalak eta nazioartekoak uztartuz. Euren benetako maila zein zen ikusi nahi izan dugu. Izan ere, Ho Man Yip Asiako txapelduna da. 

Nolakoa da Asiako sei gazterekin elkarbizitza?

Uda berezia izan da, esperientzia oso bizia. Talka kulturala izugarrizkoa da. Kontratua sinatu genuenean esan zidaten gazte independenteak zirela, kozinatzen eta eguneroko bizitza antolatzen bazekitenak. Inondik inora. Lehenengo asteak eurentzat kozinatzen pasa nituen.

Mendeikako landa-etxean geratu dira, eta eskerrak! Bat baino gehiago harrapatu izan dut nik litxarreriak jaten. Hirian geratu izan balira ziur askoz gozoki gehiago jango zituztela. Nik behin eta berriz esaten nien errendimendua hobetzeko ari zirela egonaldia egiten, ezin zutela gozokiekin utzikeria hori erakutsi. Baten bat hiruzpalau kilo eta koipe gehiagorekin bueltatu da etxera, hobetu ez duenaren seinale.

Hong Kongetik laguntzaile bat ekarri zuten eta horrek ez zuen tutik ere egin. Gazteek etxea oso zikin izaten zuten. Beste laguntzaile bat ere etorri zen, baina gogaituta bukatu zuen horrek ere gazteen jarrerarekin.

Oso izaera itxia daukate. Badirudi ezerk ez diela axola eta askotan isolatu egiten dira. Hori dela eta, uda intentsua izan da. Baina esperientzia aberasgarria ere bai.

Nolako egonaldia prestatu diezu?

Kontaktu ugari ditut nik txirrindularitzaren munduan, eta horri esker entrenamendu eta teknifikazio programa nahiko txukun bat osatzea lortu dugu. Eskerrak ere UCI itzulietan lehiatzeko gonbidapena lortu dugula. Hainbat azterketa mediku egin dizkiegu ere, egonaldiaren eboluzioa monitorizatzeko. 

Lasterketetan zuzendari lanak egin dizkiet. Talde-estrategia lantzen aritu gara bertan, eurek ere ikus zezaten lasterketa profesional bat nola kudeatzen den.

Aukera handia izan da eurentzat. Gertutik ikusi dute txirrindularitzaren mundua nolakoa den hemen.  Etorkizunean profesionalizazioaren bidetik jo nahi duten erabakitzerako orduan lagungarria izango zaie esperientzia. 

Badirudi Ho Man Yip Kern Pharmaren Finisher taldera joango dela datorren denboraldian.

Uda mugitua izan duzue beraz.

Guztira hogei lasterketa egun izan ditugu, eta lau itzuli lehiatu ditugu: Camargoko itzulia, O’Miñoko itzulia, Ribera del Duero itzulia eta Kantabriako itzulia. O’Miñoko itzulia nazioarteko lasterketa da eta hirugarren geratu ginen taldekako sailkapenean, oso emaitza ona da. Gainerako lasterketak Euskal Herrian barrena lehiatu ditugu.

Urduñar ugariren laguntza izan duzue lasterketa horietan aritzeko.

Bai, herriko ezagun ugari lotu ditut lasterketetan talde-lanean aritzeko. Ezinezkoa da bestela, oso eskertuta nago.

Alde handia dago Europako eta Asiako txirrindularitzaren artean?

Badago aldea. Oso kultura desberdinak dira. Hemen sona handiagoa du kirolak. Asian aukera gutxiago daude, eta txirrindularitza ez dute guk bezala ulertzen.

Alde batetik, kontuan hartu beharra dago egonaldian egon diren gazteak hiri handietan bizi direla. Oso zaila da bertan bizikletan ibiltzea. Horregatik, txundituta geratzen ziren Aiaraldeko errepideak ikusterakoan. 

Asian lasterketa askok Mario Karten lasterketak dirudite: zirkuitu itxietan hogeita hamar buelta ematen dituzte, hori ez da benetako txirrindularitza. Gainera lasterketa kopurua nabarmen murritzagoa denez, ohikoa da txirrindulariak kontinentean barrena lehiatzen aritzea, hemen baino mugikortasun handiagoa daukate.

"Nik ez diot honi  akademia deitu nahi, funtsean hori den arren"

Bi urtetan, Hong Kongeko txirrindulari bat etxean jasotzetik akademia bat sortzera igaro zara.

Nik ez diot honi akademia deitu nahi, funtsean hori den arren. Txirrindularitza asko ari da profezionalizatzen kategoria baxuenetan ere, eta egundoko aurrekontuak dituzten taldeak ari gara ikusten.

Uste dut garapen bidean dauden herrialdeetako kirolariek ere aukerak merezi dituztela. 

Niri ulergaitza egiten zait talde handiak ez egotea Asian dagoen talentu gaztea ustiatzen. Asmoa da Trigon bizikleta markarekin batera talentua zukutzeko espazio bat sortzea, ekialdeko herrialde horietako gazteei aukerak eskainiz. 

Hainbat hilabetez kirolariak monitorizatu eta emaitza onenak dituztenak hona ekartzea, lasterketetan lehiatu daitezen.

Gazteen egonaldia dokumental batean jaso duzue ere.

Alvaro Sainzekin batera gazteen egonaldiaren dokumentala ekoiztu dugu. Oraindik ez dakigu zer aterabide emango diogun lanari; EITBra edota Eroskira bidali dugu lana… Gu oso motibatuta gaude proiektuarekin. Uste dut istorio polita dela bertan kontatzen dena. Bide luzea egin duten gazteak dira, urrutira etorri dira txirrindularitzan aritzeko. Lasterketetan grabatutako irudiak elkarrizketekin tartekatu ditugu. Hori bai, esan beharra dago odol gutxi dutela kamara aurrean; ez dira batere emotiboak (barreak).Adibide bat jartzearren; haietako batek klabikula hautsi zuen hemen jokatutako lasterketa batean. Medikuz mediku ibili ginen, eta munduko txapelketako bere parte hartzea kolokan egon zen. Istripua izan eta aste gutxira mediku azterketara hurbildu ginen eta honek albiste onak eman zizkion, munduko txapelketan izango zen lehian. Gazteak ez zuen imintziorik ere egin.

Txirrindularitza zale amorratua zara. Nolakoa izan da zure kirol ibilbidea?

Areto futbolean hasi nuen nik nire kirol ibilbidea. Hamazazpi urte bete arte egon nintzen Holandako talde batean jokatzen. Lesio bat izan nuen orduan, eta gogaitu egin nintzen taldearekin. Maila altuan ari ginen lehiatzen eta taldekideek ez zuten kontua serio hartzen.

Nire aita txirrindulari amorratua izan da beti. Holandako txapelduna izan zen behin, mendiko bizikletarekin amateur kategorian. Orduan erabaki nuen bizikletan aritzea. Aitak asko lagundu ninduen entrenamenduekin, eta nire zenbakiak Tom Dumoulinen zenbakiekin alderatzen zituzten. Bazirudien talentua banuela. Bilbora etorri nintzen orduan ingenieritza ikasketen Erasmusa egitera. Asko gustatu zitzaidan ingurua eta karrera amaitu bezain laster bueltatu nintzen, txirrindularitza talde profesional batekin lehiatzen saiatzea erabakita. Postu on bat edo beste lortu nuen arren, nagusiegia nintzela zioten gehienek. Gaur egun txirrindulariak oso gaztetatik hasten dira lehiatzen eta ni 18 urterekin hasi nintzen. Dena den, geratzea erabaki nuen eta nire lanak beti izan du lotura zuzena kirol eta txirrindularitzarekin. Esaterako, BHn aritu naiz bi urtez produktuak diseinatzen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide