Arrakastarako osagai guztiak ditu Urduñako Mendi Lasterketaren edizio berriak. Urtez urte geroz eta sona handiagoa lortzen ari den lasterketa da honakoa, eta aurten ere harrera beroa izan du ekimenak. Azaroaren 9an egingo dute kirol proba, eta dagoeneko dortsal guztiak agortu dituzte.
Orotara 575 kirolarik eman dute izena, hiru kategoriatan banatuta. 14 kilometroko lasterketa herrikoian 200 parte hartzaile arituko dira, eta 33 kilometroko trail luzean, aldiz, 275 dira izen emateak. Gainera, beste 50 korrikalarik erreleboka osatuko dute trail luzearen ibilbidea.
Lasterketa ikusgarria
Urduña hiriko mendigune ikusgarrienak zeharkatuko ditu Urduñako Mendi Lasterketak beste behin. Ohikoan bezala, trail luzeak sortuko du ikusmira handiena. Izan ere, Gorobel mendilerroko bidezidor ezagunetatik igaroko dira kirolariak; Fraileburu eta Bedarbideko igoera malkartsuak, esaterako.
Antolakuntzak La Txozako landagunera bertaratzeko gonbitea luzatu nahi izan die lasterketa ikusi eta korrikalariak animatzera bertaratuko diren herritarrei. Toki horretan bertan anoa postua antolatuko dute, eta errelebo-lasterketako txanda aldaketak ere egingo dituzte bertan.