Giro paregabea sortu du herrigunean zein naturan Urduñako Mendi Lasterketak

Aitor Aspuru Saez 2025eko azaroaren 9a

Foru Plazan zein Txozako ingurutan ehunka lagun mobilizatu dira lasterketan parte hartzeko edo ikusle izateko. Antolakuntzak, gainera, ez du aldarrikapena ahaztu eta Maderas de Llodioko greba eta Palestinako egoera plazaratu ditu. 

576 lagunek eman dute izena Urduñako Mendi Lasterketaren edizio berrian parte hartzeko. Goizeko bederatzietatik aurrera jendetzak hartu du hiria dortsalak jasotzeko eta beroketa ariketak egiteko. Frontoia izan da hasierako epizentroa, baina mugimendua Foru plazara joan da apurka-apurka.

Hala, 9:30ean atera dira 33 kilometroko eta 14 kilometroko ibilbideen lasterkariak, baina hori baino lehen Maderas de Llodioko grebalariak omendu nahi izan dituzte, babesa adierazteko. Ez da izan lasterketako aldarrikapen bakarra, plazan Palestinaren aldeko pankarta erraldoia eskegi baitute.

Gauzak horrela, 10:00etan abiatu dira txandakako probako kirolariak. Lasterkariak ikusteko eta animatzeko herritar mordoak jo du mendira eta lehen sailkatuak Foru plazara heldu direnean ere, jendetza zuten zain.

Sailkapenen aldetik, 33 kilometroko proban Joel Santamaria, Jon Durana eta Jon Betolaza izan dira irabazleak gizonezkoen kategorian. Aipatu beharra dago Iosu Isasi aiararra zazpigarrena izan dela. Emakumezkoen artean, Ainara Urrutiak, Sarah Ugartek eta Ainhoa Intxaustik osatu dute podiuma.

14 kilometroko norgehiagokan Mikel Larrinaga (Eskerrak Ahulak Garen taldekoa) izan da irabazlea gizonezkoen kategorian, Endika Martin bigarrena eta Asier Juanbeltz hirugarrena. Nabarmentzekoa da Lander Ruiz Martinez Gualdetxuko kidea zazpigarrena izan dela eta bere atzetik Anartz Puelles laudioarra sartu dela. Pedro Ibarrola hamargarren sailkatu da. Distantzia bereko lehen emakumezkoak Irune Lertxundi, Leire Etxabe eta Zuriñe Hoyos izan dira.

Txandakako diziplinan Koldo Etxebarri eta Unai Pagazaurtundua Aiaramendi eta Itxinape taldeetako kideek osatutako bikoteak lortu du garaipena. Aitor Gonzalez Mesa eta Ibon Mesa Perez izan dira bigarrenak eta hirugarrenak, aldiz, Unai Unzaga Larrazabal eta Xabier Arranz Moscoso.

Argazkiak: Aitor Aspuru eta Ainara Sanchez

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide