Ongi etorri beroa egin diete Urduñan Agroekologiaren aldeko Udalerrien Sarea osatzen duten ordezkariei. Gaurdanik eta azaroaren 15era bitarte, udalerrien sareko urteroko topaketa egingo dute bertan; Elikatzen duten udalerriak: agroekologia ardatz duten tokiko politikak lemapean.
Elikadura ardatz duten politika agroekologikoak aztergai izango dituzte. Horretarako udalerri desberdinetako politikak ezagutu eta partekatuko dituzte, beste udalerri batzuetan ere garatzeko asmoz.
"Urduña erreferentea da sarea osatzen dugun guztiontzat. Uste dut horregatik daukala hainbesteko arrakasta aurtengo topaketak. Jakin-min handia dago Urduñan garatzen ari diren politiken inguruan"
Harrera ekitaldian Enrique Pueyo Garcia Agroekologiaren aldeko Udalerrien Sareko presidenteak hartu du hitza. Aiaraldea Komunikabideari eskainitako adierazpenetan Urduñak agroekologiari dagokionean ezarritako "politika onak" txalotu ditu Pueyok: “Urduña erreferentea da sarea osatzen dugun guztiontzat. Uste dut horregatik daukala hainbesteko arrakasta aurtengo topaketak. Jakin-min handia dago Urduñan garatzen ari diren politiken inguruan".
Izan ere, "inoizko parte hartzerik altuena" izango du topaketak aurten. "Urtez urte geroz eta ordezkaritza zabalagoa elkartzen du topaketak. Bartzelonako Diputazioa sarera batu izana albiste oso pozgarria da. Estatu mailan urrats hori egiten duen lehenengo diputazioa da", azaldu du Sareko presidenteak.
Urduñako bainuetxean egin dute harrera ekitaldia. Orotara 120 ordezkarik parte hartuko dute topaketan, baina herritarrentzako ekintza publikoak ere egongo dira. Hemen kontsultatu daiteke egitaraua osorik.
Iker Santocildes Urduñako alkateak ere pozik hartu du topaketa egiteko Urduña egoitza gisa hautatu izana. Herritarrei luzatu die ekintza irekietan parte hartzeko deia, eta gogotsu agertu da Urduñan agroekologiaren alorrean abian jarritako proiektuak jendaurrean erakusteko.