Iragana, orainaldia eta etorkizuna balioetsi dituzte Urduña Herri Eskolako 30. urteurrenean

Maider Ramirez Martin 2025eko azaroaren 15a

Gaurko eta atzoko ikasle, familia eta irakasle ugari bildu dira kiroldegian eginiko ekitaldian.

Ostiral arratsalde berezia izan da Urduñako Herri Eskolako komunitatearentzat. Izan ere, haurrak ikastetxetik atera eta asteburua hasi denean, eskolako jolastokira biltzen hasi dira hainbat guraso eta ikasle ohi. Hitzordu berezia zuten, 30. urteurrenaren ospakizuna, hain zuzen ere. 

Izan zirelako gara

Ekitaldia 17:30ak pasatxo hasi da, eta pantaila handian urte horietako guztietako irudiak proiektatu dituzte, eskolan modu batean zein bestean parte hartu dutenen testigantzez lagundurik. Ondoren hartu dute hitza Koldo Ulibarri eta Izaskun Biguri ikasle eta irakasle ohiak, hurrenez hurren.

Behin baino gehiagotan gogorarazi dute eraikinaren 30 urteak ari dira ospatzen, eta eskolaren historia bera lehenago abiatu zela, aduanako eraikinean. Publikoari eman nahi izan diote hitza, eta hainbat pasadizo kontatu dituzte, bertaratutakoen barre zein hunkidura keinuen artean. Esaterako, haurrek maite-maite duten Urdintxu maskota nola jaio zen kontatu du bere sortzaileak, Itziar Terrerosek.

Garelako izango dira

Orainaldira jauzi egin dute gero, eta egungo zuzendari Eunate Arbizuk hartu du hitza. Hunkituta, ezin izan die malkoei eutsi. Metodologia berriei buruz hitz batzuk esateko probestu du Arbizuk hitzartzea, baina batez ere, eskerrak eman nahi izan dizkie eskolan lehen urratsak emateko ahaleginak egin zituztenei, eta gaur egun eskolako bizitza posible egiten dutenei.

Ostean, Maialen Gineak, sortu berri den komunikazio lantaldearen izenean, ikastetxeko irudi korporatibo berria aurkeztu du, eta bere atzean dauden alderdiak balioan jartzen azaldu ditu logoaren zein bestelako euskarrien nondik norakoak.

Etorkizunari begira jarri dira azkenik, eta horretarako, IGEko bi kidek, Enara Llanok eta Ainhoa Valdesek hartu dute lehenbizi hitza, eta Irati Mendigurenen bertso batekin amaiera bikaina eman diote ekitaldiari.

Behin kiroldegitik kanpo, ikasgelak bisitatzeko aukera izan dute aspaldi eskolatik pasatzen ez ziren horiek, eta luntxa ere egon da askaltzeko. Kalejiran lotu dituzte ostean gaur egungo eskolaren eraikina eta eskola publikoa bere sorreran kokatuta egon zen hori, aduanarena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide