Bi gizon atxilotu dituzte Urduñan hamar ibilgailutan lapurtzea egotzita

Erredakzioa 2025eko azaroaren 26a

Nafarroa kalean atxilotu dituzte bi gizonak. / Googlemaps

Lapurtutako hainbat objekturekin topatu dituzte 31 eta 33 urteko bi gizonak. 

31 eta 33 urteko bi gizon atxilotu ditu Ertzaintzak gaur goizean Urduñan, hamar bat ibilgailuetako kristalak apurtu eta ibilgailuen barruko objektuak lapurtzea egotzita. 

Poliziak azaldu duenez, bizilagun batek eman du abisua goizeko seiak baino lehen. Nafarroa kaleko aparkaleku publikoan ikusi dituzte bi atxilotuak. "Poltsa ugari zeramatzaten, eta berriemaileari susmagarria iruditu zaio hori", azaldu du Ertzaintzak, "garaiz emandako abisu horri esker, inguruan patruilatzen ari ziren Ertzaintzako baliabideek lekuan bertan, leiho bat hautsita zuen ibilgailu baten ondoan, aurkitu ahal izan dituzte bi pertsona horiek. Ondoren, ingurua miatu dutenean, egiaztatu dute beste bederatzi ibilgailuk kalteak zituztela eta barrua erabat nahastuta zutela". 

Zenbait autoren jabeekin jarri dira harremanetan agenteak, eta modu horretan ziurtatu ahal izan dute eurenak zirela "susmagarriek zeramatzaten hainbat poltsa eta objektu".

Horrez gain, dokumentazioa topatu diote atxilotuetako bati, "urte hasieran galdu zuela salatu zuen pertsona batena". Bestalde, "aparkalekuan aparkatuta zeuden ibilgailuetatik lapurtutako objektuak zituzten motxila eta poltsa gehiago" ere topatu dituzte,  hiriko "tren-geltokiaren albo batean". 

Hori guztia kontuan hartuta, bi gizonak atxilotu ditu Ertzaintzak, indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Poliziak jakinarazi duenez, gizonetako batek polizia-aurrekari ugari ditu antzeko ekintzengatik. 

Ertzaintzak zazpi salaketa ofizial jaso ditu gaur goizeko gertakariengatik, eta hainbat objektu itzuli dizkiete dagoeneko euren jabeei. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide