Ertzaintzak berretsi dio Aiaraldea Komunikabideari asteburuan, larunbat gaueko eta igande goizeko tartean, bi lapurreta jazo zirela, Belandian eta Mendeikan.
Berez, hedabideak Belandiako gertakariei buruz soilik jaso ahal izan du informazioa bere kabuz. Antza, ezezagunek eskola zaharretan bi ate bortxatu zituzten eta sartu ziren.
Eraikin hori Administrazio Batzarrak kudeatzen du eta bi lokaletan banatuta dago. Batek erabilera kolektiboa dauka eta bileretarako edota ospakizunetarako baliatzen dute. Bestea kontzejuak alokatzen du etxebizitza gisa.
Etxe horretan bizi den pertsonak azaldu dio komunikabideari kalte handienak ateetan egin dituztela, sartzeko apurtu zituztelako. Berez, bizilagunak uste du ez ziotela ezer kendu, baina aurretik etxea arakatu zuten eta dena hankaz gora utzi zuten. Auzokideak aipatu du Ertzaintza aztarna digitalen bila egon zela etxean.