'Sira' eleberrian oinarritutako telesaila filmatzen ari dira Urduñan

Maider Ramirez Martin 2025eko abenduaren 17a

Dagoeneko abian da 'Sira' telesailaren filmaketa. / Atresmedia

Grabazioa dela eta, aldizkako trafiko mozketak egingo dituzte bihar Zaharra kalean.

Maria Dueñasen Sira nobela arrakastatsuan oinarrituta, izen bereko telesaila filmatuko dute egunotan Urduñan. Buendía Estudios Bizkaia etxea dago ikus-entzunezkoaren ekoizpenaren atzean, eta Bizkaian ez ezik, Madrilen eta Marokon ere grabatuko dituzte lokalizazioak. 

Azaroan dagoeneko filmaketak egin zituzten Urduñan. Ostegunean, hilaren 18an, aldizkako trafiko mozketak egongo dira Zaharra kalean, 13:30etik 18:30era bitarte.

'El tiempo entre costuras' fenomenoa

Maria Dueñasen El tiempo entre costuras eleberriaren jarraipena da Sira. Lehenengo liburuan, Gerra Zibila hasi aurretik, Sira Quiroga jostun gazteak Madril utzi eta Tangerrera egiten du alde bere bizitzako amodioa bizitzeko asmoz. Bertan dagoela, eta aurreikusi zezakeenaren kontra, hankaz gora jartzen zaio mundua.

2013 eta 2014an egin zuen salto istorioak paperetik telebistara, eta Adriana Ugartek antzeztu zuen protagonistaren papera. Telesaila oso arrakasta handikoa izan zen, bai kritikaren eta baita audientziaren aldetik ere, eta 70 herrialde baino gehiagora zabaldu zuten.

Sekuelan ere, Ugarte izango da pertsonaia nagusia. Oraingoan, Sirak gerraosteko munduari egin beharko dio aurre, eta bizirik irauteko ahaleginak egin beharko ditu. Jerusalemdik Londresera edo Madrilera, protagonista sekretuen eta misioen sare batean murgilduko da, inteligentzia eta ausardia beharko dituzten erronketan. 

Adriana Ugarterekin batera, beste aktore hauek ere ikusi ahalko ditugu telesailean, hala nola Peter Vives, Rubén Cortada, Carlos Santos, Carlos Olalla eta Francesc Garrido.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide