Gazteen emantzipaziorako proiektu pilotua jarriko dute abian Urduñan, EAEko landa eremuan martxan jartzen den emantzipaziorako lehenengo bulegoa. Gaur sinatu dute lankidetza hitzarmena Eusko Jaurlaritzak eta Urduñako Udalak. 2028ra arte luzatuko den hitzarmenak 250.000 euroko inbertsioa ekarriko du, "hiriko gazteek bizi proiektuak Urduñan bertan garatzeko aukera izan dezaten".
Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak eta Iker Santocildes Urduñako alkateak eman dituzte hitzarmenaren nondik norakoak. Sinatutakoak bi erakundeen arteko "konfiantza, konpromisoa eta eraldaketarako borondate erreala", azpimarratu du Santocildesek.
Adrian Lopez Eusko Jaurlaritzako gazteria eta Emantzipaziorako zuzendariak eta Uxue Mendibil Urduñako zinegotziak azaldu dituzte hitzarmenaren nondik norakoak:
Hiru ardatz, emantzipazioa helburu
Gazteen emantzipazioak "ikuspegi globala" behar duela aldarrikatu dute bi erakundeek gaurko agerraldian. Hala nola; etxebizitza, formazioa, enplegua, ongizate-emozionala, kultura, identitatea eta pertenentzia zerrendatu dituzte emantzipaziorako funtsezko osagai gisa. Bide horretan hiru ardatzetan lan egiteko konpromisoa hartu dute Urduñako Udalak eta Eusko jaurlaritzak: Etxebizitza, ongizate emozionala eta enplegua.
Etxebizitzari dagokionez, "adreilutik haratago" doazen neurriak hartuko dituztela iragarri du Santocildesek. gazteentzako Etxebizitza bulegoa sortuko du Udalak, gaiari buruzko informazio eta akonpainamendurako erreferentziazko gune izango dena. Etxebizitza hutsen birgaitzeko eta etxebizitza jabeekin akordioak erdiesteko konrpomisoa hartu du ere Tokiko Gobernuak.
Ongizate emozionalaren alorrean, aldiz, prebentzio kanpainak, tailerrak eta laguntza espazioak barnebilduko ditu hitzarmenak. Honakoa, gazteen "aldarri nagusietako bat dela" gogorarazi du Melgosa sailburuak. Emantzipazioa posible soilik ez, berau "osasuntsua eta jasangarria" izatea ere nahi dutela gaineratu du Urduñako alkateak.
Azkenik, formakuntza eta enpleguari dagokionez, ekintzailetza sustatzeko neurriak jarri nahi dituzte abian, horretarako espazioak eta formakuntzak eskainiz. Esaterako co-working gune bat abian jartzeko asmoa azaldu dute.

Proiektu pilotua izango da honakoa, eta Urduñako gazte orori luzatu diete bulegotik pasatzeko gonbita. Entzute aktiboa egin nahi dute, gazte-emantzipaziorako "neurri egokiak" aplikatu ahal izateko. "Urduñaren etorkizuna bermatzeko gazteekin egin behar dugu bidea", azaldu du Santocildesek. Melgosa sailburuak gogorarazi du bulegoko ateak zabalik egongo direla, inolako baldintzarik gabe. Halaber, belaunalduen arteko elkarlanari ere egin dio dei, gazteen emantzipazioan aletxoa jartzeko.