1676an sortu zen Urduñako Kristoren Eskola Santuak 350 urte beteko ditu aurten. Urtarrilean hasi eta abendura arte luzatuko den egitarau zabala prestatu dute hiru mende t'erdiko ibilbidea ospatzeko. Gaur egin dute programazioaren aurkezpena, Urduñako Udalbatza aretoan.
"Erlijio eremutik harago doan ekarpena egin dio hiriari. Auzotarren arteko elkargunea izan da, konpromiso eta balioen transmisioan giltzarria"
“Mendeetan zehar elkarte honek ekarpen handia egin dio gure herriari”, aldarrikatu du Iker Santocildesek. Alkatearen hitzetan, urteurrena "Kristoren Eskola Santuak hiriaren bizitzan jokatu duen eta oraindik ere jokatzen duen paperari buruz hausnartzeko hitzordua" da. "Erlijio eremutik harago doan ekarpena egin dio hiriari. Auzotarren arteko elkargunea izan da, konpromiso eta balioen transmisioan giltzarria. Hiriaren izaeraren parte diren tradizioak mantentzen lagundu du", gaineratu du alkateak, erakundeak Aste Santuko ospakizunetan duen berebiziko paperean azpimarra eginez.
Hain zuzen ere, iraganera baino, etorkizunera begira ospatu nahi du Urduñako Kristoren Eskola Santuak 350. urteurrena. "Ospakizun irekia" izango dela azaldu du Luis Torres Kristoren Eskola Santuko kideak.
Ospakizun urtea
Igande honetan bertan (urtarrilak 11) abiatuko dituzte 350. urteurreneko ospakizunak. Santa Maria Parrokian inaugurazio eukaristia ospatuko dute 12:30ean, abenduaren 8ra arte luzatuko den programazioari hasiera emanez. Hitzaldiak, erakusketak, musika emanaldiak, argazkilaritza eta pintura lehiaketak... orotariko ekintzak prestatu dituzte. Urteurrenaren ekitaldi nagusia maiatzaren 17an egingo dute; hau ere Santa Maria Parrokian.
Kristoren Eskola Santuaren ondarea gertutik ikusteko aukera ere eskainiko du urteurrenak. Otsailaren 14tik azaroaren 1era bitarte erakusketa atonduko dute hiriko parrokian, eta Aste Santuko pieza ezagunak ez ezik, erakundearen dokumentu zaharrak edota bestelako objektuak ere ikusteko aukera egongo da bertan.
Gainera, azken hamarkadetan galdutako zenbait ohitura berreskuratuko dituzte, tartean Dolumin Barikuko prozesioa. Ikusgarriena, ordea, Ostiral Santuko arratsaldeko liturgia-ofizioetan izango da, (apirilak 3) Iltze Kentzearen Ekitaldia egingo baitute bertan. Duela 80 urte baino gehiago ez zela ekitaldi hori egiten, eta erakundeko kide zaharrenen laguntzari esker berreskuratu dute.

350 urteko historia
Kristoren Eskola Santuaren printzipioak Felipe Neri santu italiarrak XVI. mendean sorturiko Oratorioko Kongregazioan daude oinarrituak. Neriren urratsak jarraituz Frai Tomas de Islak sortu zuen Urduñako Kristoren Eskola Santua 1676ko maiatzaren 11n, Santa Maria Parrokiako sakristian.
Duela 80 urtetik egiten ez den Iltze Kentzearen Ekitaldia berreskuratuko dute, besteak beste.
Hasieran ekintza erlijiosoetara mugatzen zen Kristoren Eskolak Aste Santuko ospakizunen ardura hartu zuen 1772. urtetik aurrera. Geroztik Eskolaren jarduera ezagunenetako bat bilakatu dira Aste Santuko prozesioak; “bereziki Urduñatik kanpo”, Luis Torrek gaineratu duenez.
Sorreran 72 ziren Kristoren Eskola Santuko kideak, anaia botodun gisa ezagutuak. “Ez zen ausazko kopurua", gaineratu du Torrek, "Jesukristok ebanjelioa zabaltzeko bidali zituen jarraitzale zenbatekoari egiten dio erreferentzia”.
Urduñan, ordea, Kristoren Eskola Santua osatzen duten 72 kide horiez gain, pertsona kopuru mugagabea onartzen dute ere, anaia nobizio figura gisa ezagunak; “bereziki Aste Santuko kontu guztietan laguntzeko”. Gauzak horrela, 420 kide baino gehiagok osatzen dute gaur egun erakunde urduñarra. “kopuru esanguratsua da, Urduñako biztanleriaren zati inportante bat dago Kristoren Eskola Santuaren barruan”, azpimarratu du Luis Torrek.
Emakumearen presentzian ere egin du azpimarra Kristoren Eskola Santuko kideak. Erakundeak 2005ean moldatu zuen araudia emakumeak erakundearen barruan onartzeko: “Gaur gaurkoz kideen %13 da emakumezkoa”.