Israelek Gazako zerrendaren aurkako oldarraldia abiatu eta bi urtera, palestinar herriaren aldeko eta genozidioaren aurkako ekimenek ez dute etenik Aiaraldean. Igandean Palestinaren aldeko elkartasun eguna antolatuko dute Urduñan, hiriko Urduña-Palestina elkartearen eskutik.
Goizeko 11:00etan emango diote hasiera egitarauari, Palestinaren gaur egungo egoera eta hamarkada luzetako okupazio eta sarraskiak hizpide, hitzaldia eta te-tertuila uztartuz. Gaian adituak diren Fouad Baker palestinar ekintzaileak eta Eneko Garrikabeitia Mundubat fundazioko kideak eskainiko dute solasaldia. Horren ostean, 13:30etan, elkarretaratzea eta elkartasun argazkia egingo dituzte Foru Plazan, Erauntsi Dantza Taldearen emanaldiarekin lagunduta.
Elkarretaratzearen ostean hiriko musikarien emanaldiari emango diote segida, Foru Plazan bertan. Al Fajr Urduñako elkarte musulmanak eskainiko du mokadua: pintxo morunoak eta kuskusa. Gainera, aurreratu dutenez, haurrentzako tailerrak eta material salmenta egongo dira ere.
70.000 hildako
Israelek 2023ko urrian Gazaren aurkako erasoa indartu zuenetik 70.112 hildako eragin ditu, eta 793.700 baino gehiago dira indarrez desplazatutako palestinarrak.
Laguntza humanitarioa hutsaren hurrengoa da goseteak eta azken hilabeteetako uholdeak gogor kolpatutako Gazako zerrendan. Azken datuen arabera Gazako biztanleen %77ak pairatzen du gosea, eta datozen hilabeteetan 101.000 haurrek desnutrizio larria pairatuko dutela ohartarazi dute.
