Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Nire bi sustraiak senidetu nahi izan nituenean 'García' eleberria idaztea izan zen Gijon eta Urduña elkartzeko lotura naturala”

Maider Ramirez Martin 2026ko urtarrilaren 14a

Adrian Ausin idazle eta kazetaria.

Kazetaritzan zein literaturan ibilbide luzea egindakoa da ADRIAN AUSIN (Gijon, 1967). Bere azkenengo nobelan, García izenburukoa, Urduña da kokaleku nagusienetako bat. Bere sustraiez zein eleberriaz mintzatu da Aiaraldea Komunikabidearekin.

Urduñak badu protagonismoa zure azken eleberrian. Zu Gijonekoa izanik, nolatan da hain garrantzitsua zure liburuan Aiaraldeko hiria?

Nire aita euskalduna da eta nire ama asturiarra. Nire aitite Marino Ausin Bolloqui Urduñan jaio zen 1889an, eta nire aita Bilbon, 1932an. Hortaz, nahiz eta ni Gijonekoa izan, García eleberrian nire bi sustraiak senidetu nahi izan nituen, istorio berean bildu eta omenaldi bateratua egitea beti harreman aparta izan duten bi lurralderi: Euskal Herriari eta Asturiasi. Izan ere, nire aitak Hierros Vasco-Asturianos izeneko negozio bat ireki zuen Gijonen.

Garciak, fikziozko pertsonaiak, batasun hori gorpuzten du. Bera Urduñan jaio zen 1920an, 15 urterekin umezurtz geratu zen eta Gijonen zuen izeko batek hartu zuen harreran. 

"Nire aitak Hierros Vasco-Asturianos izeneko negozio bat ireki zuen Gijonen. Garciak, fikziozko pertsonaiak, batasun hori gorpuzten du"

Eleberria, ordea, 1979ko otsailean abiatzen da, trantsizio garai bete-betean. Garcia itsasertzean dagoen ikastetxe eder baten jabearekin ezkonduta dago. Ez dute seme-alabarik. Bere emaztea, jabea izateaz gain, hiru irakasleetako bat ere bada, eta Garciak denetarik egiten du bertan: mantenu eta garbiketa lanak, jolasorduan ikasleak zaintzea…

Goizero, haurrak eskolan daudenean, eta negua izan arren, San Lorenzo hondartzan hartzen du bainua (hainbat gijondarren ohitura da hori). Ikasleek adi begiratzen diote gelen leihoetatik. Horrela abiatzen da eleberria. 

Garcia bere lurraldeaz oso harro dagoen gizon bat da, baina traumatikoki alde egin zuenetik ez da bertara itzuli. Izan ere, ez du gidatzen eta gogoratu beharra dago 1979an errepideak izugarriak zirela. Nobelak aurrera egin ahala, eta alde egin zuenetik 44 bete direnean, Urduñara bueltatzeko aukera suertatuko zaio Garciari. Hori izango da, hain zuzen ere, eleberriaren pasarterik eder eta hunkigarrienetako bat.   

Zure aitona 1974an zendu zen, duela 40 urte baino gehiago, zuk zazpi urte besterik ez zenituenean. Nola berreraiki duzu istorioa eta zein da testuan agertzen den Urduña hori? Zer uste duzu berreskuratu behar zenuela?

Aitite urduñarra zen eta oso harro zegoen horretaz. Bertan bizi izan zen lehenbizi eta ondoren udak igarotzera joan ohi zen. Biolina jotzen zuen eta bi udetan zehar musika banda zuzendu zuen. Bere aita Estanislao Ausin Otero izan zen, Modúbar de la Emparedadan jaiotako gizon bat, Urduñara joan zena bake-epaile jarduteko; eta bere ama Saturnina Bolloqui Olzaran saratxotarra izan zen. Senar-emazteek zazpi seme-alaba izan zituzten, tartean nire aitite Marino. 

Marino Bilbora bizitzera joan zen gero, Bizkaiko Aurrezki Kutxako diruzain lanetan aritu zen eta Dosia Maeso Oquillas izeneko emakume batekin ezkondu zen. Lau seme izan zituzten, horietako bigarrena izan zen nire aita Manuel. 

"Nobelak aurrera egin ahala, eta alde egin zuenetik 44 bete direnean, Urduñara bueltatzeko aukera suertatuko zaio Garciari. Hori izango da, hain zuzen ere, eleberriaren pasarterik eder eta hunkigarrienetako bat"

Urduñara egindako bisitetan, hiriko kaleetatik paseatzen genuenean, aitak eta osabek familia-istorioak kontatzen zizkidaten beti. Bereziki nire aititeren anaia Servodeoren bihurrikeriak, zuhaitzetara eta teilatuetara igotzen baitzen. Familia-istorioei niri leku horrek sorrarazten zidan lilura batu zitzaion: eraikinek, kaleek eta Tertangarako Bentara arte oinez egiten genuen bide hark txunditzen ninduten. 

Hori guztia nire DNAn dago eta Gijon eta Urduña senidetu nahi izan nituenean, García bi hiriak elkartzen zituen lotura naturala izan zen.

Zerk eraman zintuen liburua idaztera?

Paseatzen zabiltzanean bat-batean bururatutako ideia batek pisua hartzen duenean jaiotzen dira liburuak. Ni, udan zein neguan, San Lorenzo Ikastetxearen aurrean bainatzen naiz. XVII. mendeko eraikin eder bat da, dorrea, eliza eta gehitutako eraikin bat duen harribitxi bat.

Itsasotik begira nintzaiola jaio zen García: protagonistaren, irakasleen eta zenbait ikasleren bizitzak modu paraleloan jasotzen dituen eleberria. Amazonen dago argitaratua.

Zer topatuko dute urduñarrek zure liburuan?

Lehenik eta behin, 1979an girotuta istorio eder bat. Bigarrenik, harrotasuna. Izan ere, Garciak euskaldun (eta urduñar) onaren zintzotasuna gorpuzten du. Pertsona langilea da, adeitsua, zuzena eta jatorra eta, aldi berean, zuhurra eta serioa (ez dezagun ahaztu umezurtza dela). Istorioak aurrera egin ahala ikusiko dugu, azken finean, heroi anonimo bat dela. 

Horregatik du eleberriak itxuraz interesik gabeko izenburu hori. Espainian García abizena duten milioi eta erdi pertsona daude, baina 50 besterik ez dira García izena dutenak. Gure protagonistak izen eta abizen horiek ditu eta ohikoa eta ezohikoa dena bateratzearen itxurazko kontraesana irudikatzen du. Pertsonaia benetan berezia da.

"Garciak euskaldun (eta urduñar) onaren zintzotasuna gorpuzten du. Pertsona langilea da, adeitsua, zuzena eta jatorra eta, aldi berean, zuhurra eta serioa"

Zer harreman duzu zuk Urduñarekin?

Niretzako Urduña erroak dira, jatorria da, erreferentea da. Bilbo ere horrelakoxea da, nire aita bertan jaio baitzen. Bilbon, eta bere zaporean, nire aitaren parteko familia osoa dut. Urduñan, eta bere edertasunean, harro sentitzen ditudan sustraiak ditut. 

Noizean behin familia-bilera bat egiten dugu. Azkena 2022ko otsailean izan zen. Bizkaia kaletik paseatzen dugu, nire aitona bertan bizi izan baitzen; Ospitale Sainduaren Eskoletatik, bertan ikasi baitzuen; Santa Klara kaletik, bertan igaro baitzituen udak; Antzinako Ama Birjinaren elizatik… Eta beti-beti argazkia egiten dugu plazako iturrian.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide