Pozik daude Urduña-Palestina taldeko kideak antolatu duten lehen ekimen publikoarekin. Palestinaren aldeko eguna egin zuten igandean, eta dozenaka herritar batu ziren goizean egin ziren jardueretan.
Hitzaldia eskaini zuten lehenbizi Alondegian, Fouad Baker palestinar ekintzailearen eta Eneko Garrikabeitia Mundubat fundazioko kidearen eskutik.
Ondoren, eguerdian, elkartasun argazkia egin zuten Foru plazan, Erauntsi Dantza Taldeko kideen dantzez eta Izaskun del Cerroren piano doinuez lagunduta. Al Fajr Urduñako elkarte musulmanak ere parte hartu zuen ekimenean, mokadua prestatu eta eskainita bertaratutako guztientzat.
Haurrek, aldiz, paperezko ontziak egin zituzten, eta "Urduña-Gaza" elkartasun ontzidia irudikatu zuten gero plazako piloian.
Argazkiak: Txabi Alvarado, Ainara Sanchez eta Urduña-Palestina