IKER SANTOCILDES

“Zikloturismoa izango da gure eskaintza turistikoaren ardatza”

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko urtarrilaren 21a

Iker Santocildes bere bulegoan. / Aiaraldea.eus

Lan garrantzitsuak bukatuta agurtu du 2025 urtea IKER SANTOCILDES Urduñako alkateak. Baikortasunez begiratzen dio urte berriari.

Obra garrantzitsu ugari bukatu diren urtea da 2025a. Nolako balorazioa egiten duzue Udaletik?

Maria Dolores Madaria eta Landatas auzoetako birgaitzeak edota Poza Lizentziatua plazako lanak, obra oso inportanteak izan dira, inbertsio handia suposatu dute. Azken ukituak falta dira soilik eta Udaletik bertako jarduna oso gertutik ari gara jarraitzen. Gustatuko litzaidake obra guzti horiek balioan jartzea. Lan korapilotsuak izan dira, eta jakin badakit auzokideentzat gogorra izan dela. Bizilagunekin hitz egiteko aukera izan dut, eta transmititu didate aldaketa oso nabaria dela, pozgarria da hori entzutea. Eskerrak eman nahi dizkiet bizilagunei, udal-teknikariei eta Jaurlaritzako arduradunei egindako lan eta jarritako konfiantzagatik. Orain urbanizazioan eta zerbitzuak auzoetara eramateko lanetan jarriko gara buru-belarri.  

Argi dago urteko mugarria izan direla, bereziki aurten bukatu direlako. Baina aldi berean gustatuko litzaidake hirian egunerokoan egiten diren matentze lan guztiak ere aipatzea. Badira ere lan txikiagoak, balioan jartzea merezi dutenak ere. Basalduako errekasto baten kanalizazioa izan daiteke horren adibide, baina askoz gehiago ere badaude.

Askotan arreta jartzen dugu proiektu handietan, baina eguneroko lanean dago gakoa.

Horrela da. Guk ere gauza handiak komunikatzen ditugu nagusiki, baina egunero gaude kalean. Brigada oso ona daukagu, eta hori eskertzekoa da.

Etxebizitza hizpide hasi garela probestuz, baduzue gaiari lotutako proiekturik esku artean?

Lehenik eta behin HAPOa garatzea dugu. Hasierako onarpena egiteko dokumentazioa osatu berri dugu, eta hori da etorkizunera begira hiria definitzerako orduan izango dugun tresna nagusia. Halaber, Eusko Jaurlaritzarekin ari gara harremanetan, Urduñan hutsik ditugun hiru-lau orube eskaini eta etxebizitza-publikoak eraikitzeko.

HAPOa aipatu duzu, nola aurreikusten duzu horren lanketa?

Uste dut emaitza oso positiboa izango dela. HAPOa oso garrantzitsua da, eta uste dut udalerriak dituen beharrei egoki erantzuten diela. Herritarrei entzunez garatu dugu, eta herritarren beharrak islatuta egongo dira bertan.

Etxebizitza da gako nagusia, baina 2004ko testuan ezinezkoak ziren ekintzei bideragarritasuna emango diegu ere. Udalerria industrialki hazten lagunduko duten neurriak ere aurreikusi ditugu, betiere hiriaren ikur den jasangarritasuna ardatz.

Jasangarritasuna hiriaren ikur dela diozu. Alor horretan hainbat proiektu garatu dituzue aurten.

Baso erresilientearen proiektua edo 109 Mendia garatu dugu aurten, izugarrizko proiektua da hori. Sute-arriskua eta lurrean karbono-finkapenean lagunduko duen proiektua da hori, abandonatutako baso eremu bat berreskuratuz, tokiko paisaia berreskuratuz eta abeltzaintza sektorearentzako aukera berriak sortuz. Oso arrakastatsua izan da bertan egindako lana, eta orain udalerriko beste baso-lurretara hedatzea da gure asmoa.

Babesleku klimatikoak sortu ditugu. Eta nabarmentzekoa da, nahiz eta inaugurazioa 2024an egin genuen, aurtengoa izan dela Belardi transformazio zentroaren funtzionamenduaren lehenengo urtea. Oso emaitza onak ari gara jasotzen Belardi zentrotik, eta oraindik ere bide luzea dago ustiatzeko.

Gaiarekin jarraituz, oso aipagarria da Hezkuntza Sailburuak Eskola Publikoaren Jaian iragarritako neurria: Urduñako Eskolan sukaldea eraikitzea. Urduñako sukalde zentrala izugarrizko garrantzia duen proiektua da. Proiektu pilotua izan da, eta pozgarria da bestelako erakundeetatik ere hori balioan jarri eta egitasmoa egonkortzeko neurriak hartzea.

"Gustatuko litzaidake hirian egunerokoan egiten diren matentze lanak aitortzea"

Egindako lanaren aitortza ugari jaso ditu aurten hiriak.

Urduña erreferentea da. Marijok, gure teknikariak, egiten duen lana funtsezkoa da horretan. Nik beti esaten dut hau epe luzerako proiektua dela. Hau 2003-2004an jardunean zegoen udal-gobernuak abian jarritako estrategiaren emaitza da. Kolore bateko zein besteko gobernuek proiektua gelditu ez izana da honen arrakasta, kontrara, jardunean egon den udal-gobernu bakoitzak are gehiago hauspotu egin du egitasmoa. Ezin ditugu bide honetan ekarpena egin duten guztiak ahaztu: Marijo aipatu dut, baita Bedarbide elkartearen lana… Haiek gabe ez ginateke iritsi garen tokira iritsiko.

Urduñaren kanpo proiekzioa asko landu duzue.

Ekitaldi handiak egin ditugu. Aipatzekoa da Itzuliaren hasiera jaso genuela hirian. Eta, hain zuzen ere, txirrindularitzaren alorretik nahi dugu hiriaren promozio turistikoan sakondu. Fiturrera goaz urtarrilean, 2025ean egin bezala, eta zikloturismoa da gure eskaintza turistikoaren ardatza: “Urduña, txirrindulariarekin atsegina den hiria”.

Txirrindularientzako zerbitzu ugari eskaintzen duen hiria dela azaldu nahi dugu. Hau da, hiriko taberna, hotel eta komertzioek gaitasuna izango dutela txirrindulariari behar duen hori eskaintzeko. Eta, ibilbide zikloturistikoak promozionatzen dituzten hiri eta eskualdeak ez bezala, Urduña txirrindularitza ibilbide ororen abiapuntua dela aldarrikatu nahi dugu, “Urduñatik mundura” ideian sakonduz.

Nola baloratzen duzue turismoaren egoera Urduñan?

Turismoa haziz doa eta datu turistikoa ona da. Hobetu daitekeela, noski; baina ona da. Lortu behar dugu gure ingurua bisitatzera datorren oro hirian bertan geldialdia egitea. Neurtzeke dugu oraindik zinemaren industria turismoa erakartzeko gai den. 

"Bilboren atzetik Urduña da film grabaketa gehien harzten dituen udalerria. Jaurlaritzak hori ikusi du eta Ikus-entzunezko Hubb-a sortzeko apustua egin du gurean, eta hori eskertzekoa da"

Zinema industriarekin elkarbizitza erosoa da?

Bilboren atzetik Urduña da film grabaketa gehien harzten dituen udalerria. Jaurlaritzak hori ikusi du eta Ikus-entzunezko Hubb-a sortzeko apustua egin du gurean, eta hori eskertzekoa da. Industria garatzeko espazioak eskainiko ditu Hubb-ak, eta horrek baldintzak sortuko ditu ekoizpenen inbertsioaren zati handiago bat hirian geratzeko. Elkarbizitza ona da, kale mozketak minimoak izaten direlako. Urduñara datozen ekoizpenek Urduñan grabatzen dute, Urduñan lo-egiten dute, Urduñan kontsumitzen dute, baina grabaketa gehienak barrualdeetan egiten dituzte.

Lapurretek ere markatu dute 2025ko agenda, eta kezka bilakatu dira herritarren artean. Zer neurri hartu ditu Udalak egoeraren aurrean? 

Lapurreta olatu betean gaude. Azpimarratu nahiko nuke Urduña izan zela egoera nozitzen lehenengo udalerria, eta orain hedatu da eskualde osora. Uztailean batzartu nintzen hemen bertan Zupiria sailburuarekin eta Laudioko Ertzain-etxeko buruarekin, herritarren kezkak azaltzeko.

"Herritarrei lasaitasuna adierazi nahi diet. Hau lapurreta olatu bat da, eta etorri den modu berean desagertu daiteke. Konfiantza osoa daukat Ertzaintzaren paperean"

Herritarrei lasaitasuna adierazi nahi diet. Hau lapurreta olatu bat da, eta etorri den modu berean desagertu daiteke. Konfiantza osoa daukat Ertzaintzaren paperean. Lanean ari dira, bai gauez eta bai egunez. Dituzten baliabideekin ahal dutena ari dira egiten. Kolaborazioa eta pazientzia eskatu nahi diet bizilagunei. Udalaren eta Ertzaintzaren arteko hartu-emana etengabea da. Ez nator bat, inondik inora, zenbait hedabidek egin duten irakurketarekin, ez dut uste hau Bilboko presio polizialaren emaitza denik, badira beste arrazoi batzuk.

Zeintzuk dira 2026rako erronka nagusiak?

Udal-gobernuan sartzen berriak izan ginen gu. Martxa hartzeak lana suposatzen du, eta askotan aurreko udal-gobernuaren arrastoak kudeatu behar izan ditugu. 2026ko aurrekontuei erreparatuz esan dezaket hauek direla gure benetako lehen aurrekontuak, orain dugu aukera gure asmoak ahalik eta gehien garatzeko. Igerilekuaren eraberritzea da 2026ko proiektuetako bat. Igerileku olinpikoa izateari utziko dio, eta aisialdirako espazioa izan dadin birgaituko dugu.

Baikortasunez begiratzen diot datorren urteari, oraindik asko aurreratu ezin dugun arren, proiektu ilusionagarriak ditugu esku artean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide