2025 urtea bukatu da eta honekin batera balorazioak eta erronka berriak asmatzeko garaia dugu. Urte konplexua bezain aberatsa izan dela uste dut.
Maila pertsonalean familian amamari agur esan behar izanak mina sortu zigun, baina har dezala atseden, nahikoa lana egin baitu familiakideok zaindu eta mimatzen. Musu handi bat izarretara, amama!
Bestetik, maila sozialean Euskal Herriaren luze eta zabalean herri palestinarraren aldeko mobilizazio eta ekimen ugari eta jendetsuak ikusi izan ditugu. Etengabeko zapalkuntza, basakeria eta giza-sarraskiaren aurrean, bazen esnatu eta “aski da!” oihukatzeko garaia.
Gainera, maila politikoan urrats bat aurrera egin eta Urduñako udaletxeko zinegotzi kargua hartzea egokitu zitzaidan. Sentipen gazi-gozoa izan da ordutik honakoa; izan ere, EAJ-k darabilen “rodillo estrategiak” aukera gutxi uzten dizkigu elkarlanerako. Hala ere, lankide ederrak topatu ditut bide honetan eta oso zoriontsu bizitzen ari naizen etapa bat da. Auzokideekin batera egindako bilerak, herrikideen bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin aurkeztutako proposamenak, baloreetan oinarritutako irakurketak… Hori guztia eta gehiago egiteko eta eragiteko gaitasuna transmititu didazue. Beti loratzen dira haziak!
Azkenik, urte berriari eskakizunak egitea ere ez dagoenez sobera, izan dadila urte oparoa gure herriarentzat. Egoera zailean daudenentzat osasuna, indarra, maitasuna eta askatasuna!