Baso abeltzaintza bultzatuko dute Urduñan eta Orozkon

Aitor Aspuru Saez 2026ko urtarrilaren 27a

Behiak Gorobelen, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Landa eremu publikoak baliatuko dituzte horretarako. Areatza, Dima, Orozko, Zeberio, Zeanuri eta Urduñako udalerrietan bultzatuko dute abeltzaintza eredu hori eta, hain zuzen, Urduña izango da erreferentea, aspaldi jarri baitzuten praktikan.

Gorbeialdea Landa Garapena erakundeak eta Bizkaiko Foru Aldundiak baso abeltzaintza sustatu nahi dute sei udalerritan: Diman, Areatzan, Orozkon, Zeberion, Zeanurin eta Urduñan. Zehazki, Aiaraldeko hirian garatutako eredua hartuko dute erreferentetzat eta mendi publikoetara zabalduko dute.

Egitasmoaren helburua da baso-eremuetan abeltzaintza tradizionala lehengoratzea, mendi publikoen egoera hobetzea eta klima-aldaketaren aurkako borroka indartzea. 

Abeltzaintza eredu horrek zuhaitzak, sastrakak, larreak eta abereen presentzia kontrolatua uztartzen ditu. Eredu estentsiboa da eta bioaniztasuna kontserbatzen, sute-arriskua murrizten, larreak birsortzen eta lurzoruek karbonoa finkatzeko duten gaitasuna handitzen laguntzen du. Horregatik, abeltzaintza modalitate hau klima-aldaketa arintzeko tresna garrantzitsutzat jotzen dute.

Gainera, abeltzaintza tradizionalari estu lotutako ondare kulturala mantentzea ahalbidetzen du.

Udalerri bakoitzean, lanen diseinua eta programazioa abiadura ezberdinean doa. Izan ere, aipatu bezala, Urduñan duela urteak abiatu zuten praktika hau. Esku-hartzearen barruan sartzen dira landa-lanak, materialen hornidura, obraren koordinazioa eta zuzendaritza, abeltzaintzako elkarteekiko koordinazioa eta Neikerrek esku-hartzeen aurretik eta ondoren egindako ebaluazioa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide