Zertan datza Kintoen tradizioa?
Onintze Ortega: Tradizio zaharra da. Aspaldi, hamazortzi urte betetzerakoan elkartzen ziren, soldadutzara joan aurretik bazkaria egiten zuten. Horretarako herritik kantuan aritzen ziren dirua bilduz. Hortik dator ohitura.
Aurretik ere ikusiko zenituzten kintoak kantuan. Nola oroitzen duzue ohitura?
Jon Apodaka: Txikitan betidanik ikusi ditugu kintoak abesten.
O.O.: Etxeko atarira gerturatzen oroitzen ditut nik kintoak. Familia guztia ateratzen ginen kalera eurak kantuan entzutera eta dirua ematera.
Gogoa zenuten kinto izateko?
O.O.: Bai, ni oso gogotsu nago. Kinto izateko falta zitzaizkidan urteak zenbatzen nituen.
J.A.: Nik ere ilusio handiarekin hartzen dut eguna.
Zer suposatzen du Kinto izateak?
O.O.: Esperientzia izugarria da. Adin bereko gazte guztiak elkartzen gara, eta gure arteko harremanak sendotzen ditugu. Mundu guztiari gomendatzen diodan esperientzia da.
J.A.: Egun polita da lagunen artean igarotzeko.
Nola antolatu zarete kantuak entseatzeko?
J.A.: Ostiralero elkartzen gara Urduñako parrokiako arkupetan entseatzeko. Azaroan hasi genituen entseguak. Hiriko txistulariak ere gurekin izan dira, abestiak erakusteko.
Zenbat kinto zarete aurten?
O.O.: Guztira 30 gazte gara.
Larunbatean aterako zarete kantuan. Nola antolatu duzue eguna?
O.O.: Abesten hasi aurretik guztiok batera gosaltzeko hitzordua jarri dugu hiriko taberna batean. Foru Plazan abestuko dugu 8:00etan, Piloian ikurrina jartzearekin batera. Horren ostean taldetan banatu eta Urduña inguruko herrietatik arituko gara kantu-eskean.
Tradizioa ez duzue larunbatera mugatuko.
J.A.: Festa egun bat antolatu dugu martxoaren 21ean.
O.O.: Ekintza ugari prestatu ditugu. Hiriko kaleetatik ibiliko gara kantuan eta Gazte Asanbaldako kideek bazkaria prestatuko digute. Gauean kontzertuak egingo ditugu XSakara, Gautegun erromeria eta DJ Delgarrorekin.