Bizkaiko buruz buruko txapelketa irabazi duzu berriki. Kontatuko diguzu nolako txapelketa izan den?
Oso txapelketa polita da, nahi duen orok parte hartu dezake. Orotara sei partida jokatu ditut finalera iritsi aurretik: ligako hiru eta kanporaketako beste hiru. Abenduan hasi ginen partidekin.
Nola moldatu zara txapelketako norgehiagoketan?
Kostatu zitzaidan martxa hartzea. Ligako partidetan ez nuen nire burua oso prest ikusten. Izan ere, ligan jokatutako lehenengo norgehiagoka nire buruz buruko lehenengo partida izan zen. Baina partidaz partida joan naiz konfiantza hartzen, eta geroz eta hobeto moldatu naiz.
Espero zenuen finala jokatzea?
Sorpresa izan zen. Ez nekien finala jokatu behar nuenik, sailkatuta nengoela esan zidatenean gogotsu hartu nuen albistea.
Nola oroitzen duzu finala?
Zaratamon jokatu genuen finala. Oso berezia izan zen finala. Urduñako jende asko etorri zen pilotalekura ni animatzera, eta hori asko eskertzen dut.
Edonola ere, lehia estua izan zenuen finalean.
Ortuellako Izan Fontalbaren aurka jokatu nuen. Lehenengo seta nik irabazi nuen, 4-10. Bigarren setean, ordea, berak burua altxatu zuen eta irabazi egin zuen, 10-6.
Berdinketa apurtzeko setean, ordea, nik irabazi nuen. Urduri hasi nuen azken seta. Baina, esan bezala, Urduñako jende asko zegoen animoak ematen; beraz, burua altxatu eta segi aurrera.
Finalaren biharamunean harrera egin zizuten Urduñako Jai-Alai pilotalekuan. Nola jaso dute zure garaipena klubean?
Asko zoriondu naute bai. Txalo artean jaso ninduten finalaren osteko hurrengo entrenamenduan, pasillo eta guzti. Oso polita izan zen.
Orain, oker ez banago, txapelketa berri batean zaudete murgilduta.
Bai, binakako txapelketan.
Zelan ari zarete moldatzen?
Hasi berri dugu bigarren fasea. Lehenengo fasean oso ondo aritu garela esango nuke, ez nago ziru baina bigarren edo hirugarren amaitu dugu.
Eta zer helburu duzue?
Txapelketa irabaztea berriz, ez? Konfiantza daukagu.
Baduzu erreferenterik pilotan?
Esango nuke ez dudala erreferente argirik. Iker Larrazabal, agian. Gure entrenatzailea da, eta eredua da niretzako.