Otsailaren 11ko ez-ohiko osoko bilkuran onartu zituen Urduñako Udalak 2026ko aurrekontua, 10,3 milioitik gorakoa. EH Bilduren abstentzioarekin egin zuten aurrera, eta taldeak oharra plazaratu du salatzeko proposatutako zuzenketa guztien aurka bozkatu zuela gobernu taldeak.
EH Bilduk azaldu duenez, herritarren benetako eskaerak eta beharrak jaso eta aurrekontu eztabaidara eramateko asmoz, urritik urtarrilera bitartean “entzute eta parte-hartze prozesu zabala” garatu dute herriko hainbat sektorerekin elkarlanean: auzoetako bilerak, kultura eta kirol elkarteekin lansaioak eta gizarte eragileekin harremanak egin dituzte, besteak beste.
Hori dela eta, oposizioko taldeari “bereziki larria” iruditzen zaio EAJk taldeak proposatutako “zuzenketa guzti-guztien aurka bozkatu izana”. Alde batetik “herritarrek helarazitako beharrak eta lehentasunak alde batera utzi” dituelako, baina baita ere, Iker Santocildes alkateak "EH Bilduk egindako proposamenen %95ekin ados” zeudela adierazi zuelako.
Subiranistentzat, beraz, “kontraesan horrek agerian uzten du erabateko koherentzia politikorik eza eta erakundeen parte-hartzea ulertzeko modu kezkagarria”.
Hori bakarrik ez eta aurrekontuak negoziatzeko prozesua “izapide hutsa” izan dela ere deitoratu du oposizioko taldeak, haien aburuz gobernu taldeak ez baitu benetako borondaterik izan aurrekontuen zirriborroko partidak aldatzeko.
Gauzak hala, eta “aurkeztutako neurrien ezarpena defendatzen jarraitzeko” borondatea agertu du EH Bilduk eta adierazi du “norabide berean lan egiten” jarraituko dutela: “gizarteko sektoreekin batera proposatzen, entzuten eta eraikitzen”.
EH Bilduk proposatutako neurriak
Hauek dira Urduñako EH Bilduk 2026ko aurrekontu prozesuan aurkeztutako proposamen garrantzitsuenak:
- Larruazabalen ekaeraren araberako taxi zerbitzua ezintasun ezberdinak dituzten pertsonentzat edota hainbat zerbitzu kubritzeko asmoz. (3.000€)
- Juan de Garai auzoaren birgaitze eta berritzea urte anitzeko gastuaren formularen bitartez. Proiektuaren lizitazioa abiatzea. (105.000€)
- Merkataritzaren arloan hobekuntzak txertazeko diru-laguntzak eta gai ezberdinak lantzeko aholkularitza (irudia, kudeaketa...). (20.000€)
- Gizarte zerbitzuek zehaztutako pertsonek jantoki sozialeko zerbitzua erabiltzeko aukera. (8.000€)
- LH eraikinaren irisgarritasuna, insonorizazioa eta instalazio elektrikoen berritzea. Elkarteen beharrak asetzeko neurriak abiatzea. (30.000€)
- Alondegia asteburuetan zabalik egoteko eskakizuna, batez ere iraila-apirila bitartean. (8.000€)
- Kirol eta kultur taldeetako kideei zuzenduriko formakuntza ezberdinen eskaintza: lehen sorospenak, elikagaien manipulazioa... (2.500€)
- Urduña Hiria Museoaren irisgarritasun proiektuaren erredakzioa, erakunde ezberdinen diru-laguntzak jasotzeko lehen pauso gisa. (5.000€)
- Auzoen gabezien diagnostikoetan detektaturiko neurrien ezarpena: argiztapena, gune berdeak, trafiko azterketa, bizikleten aparkalekuak... (45.000€)
- Alokairuaren sustapena bultzatzeko kanpainiak Etxebiderekin batera. Horrez gain, Mikel Deuna 6ko orubea erostea Eusko Jaurlaritzaren eraikuntza proiektuan integratzeko. 116.500€