Otsailaren 23tik aurrera eta martxoaren 31 arte, obrengatik itxita egongo da Urduña Hiria Museoa. Asteburu hau izango da apirila baino lehen museoa bisitatzeko azken aukera, partzialki irekiko baitute.
Hain zuzen ere, Endika Diaz amurrioarrak sortutako Arde la Niebla erakusketaren bisita gidatu bat egongo da igandean, 12:30ean. Erakusketaren argazkiekin ondutako liburua ere aurkeztuko du Diazek bertan. Lanak amaitzen direnean, Fede Ruiz aretoan kokatuko dute erakusketa, apirilaren 6ra arte.
Igandea izango da, halaber, Gerra Zibileko uneak, kronikak eta ahotsak erakusketa bisitatzeko azken eguna. Julen Ugidosen Gerrako egunkariak bildumako materialez osatua dago eta garai hartako kronikak, artikuluak, argazkiak zein propaganda biltzen ditu.
Apirilearen 1ean, irekiera
Aste Santuarekin batera zabalduko dituzte berriro museoaren ateak. Orduan itzuliko da bere ohiko jarduerara eta egun horretan bertan Urrutiko Haurtzaro baten Jolasak eta Jostailuak erakusketa inauguratuko dute. 19:00etan izango da ekitaldia eta, ohi bezala, musika eta mokadua egongo dira.
Efizientzia energetikorako urratsak
Denbora tarte honetan, eraikinaren efizientzia energetikoa hobetze aldera, leihoak ordezkatuko dituzte eta aerotermia bidezko berokuntza-hozte sistema ezarriko da. Lan horiek egiteko, museoak MRR funtsak eskuratu ditu.
Dirulaguntza horiek Europar Batasuneko Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren laguntza ekonomikoak dira, eta Euskadiko Jasangarritasun Turistikoko Lurralde Planak eta Arratia-Nerbioi eskualdeko Landa Garapenerako Elkarteak kudeatzen dituzte.
Dena den, museoaren arduradunek azaldu dute badagoela eraikina irisgarria izateko pendiente dagoen beste lan bat, alegia, igogailua jartzearena. Ahalik eta lasterren instalatu ahal izatea espero dutela adierazi dute.