Duela 25 urte abiatu zuen bere ibilbidea Urduñako Gazte Asanbladak eta martxoaren 14an, larunbatez, ospatuko du urteurrena. "Mende laurdenaren sorginkeriak argitu du herria!" lemapean, egun osoko egitaraua antolatu dute.
Oraindik hainbat xehetasun iragarri ez badituzte ere, eguneko eskema plazaratu dute dagoeneko. Eguerdiko hamabietan hasiko dute eguna graffiti tailerrarekin, baina 13:00etan jaurtiko dute txupinazoa. Jarraian abiatuko da elektrotxaranga, hiriko kaleak alaitzeko. Bazkaria 15:30ean izango da eta bertso saioa egongo da ondoren, 17:00etan.
Arratsalde partean, eskualdeko kideez osatutako NOT taldea izango da oholtzara igotzen lehena, 20:30ean. Ostean, eguneko ekitaldi nagusia egingo dute asanbladako kideek eta hitzordu berezi honetarako prestatutako abestia aurkeztuko dute.
23:00etan berrekingo diote musika taldeek jotzeari: Aiama eta Harrikada taldeek rock, punk eta oi! doinuak ekarriko dituzte Urduñara. DJ Tangas Sucios izango da eguna ixteko ardura izango duena.
Gazte asanbladak sare sozialetan aurreratu duenez, hori ez da guztia izango eta oraindik jakinarazi ez dituzten sorpresak ere egongo dira.