Urduñako guraso talde batek publikoki salatu du hiriak ez duela pediatria zerbitzurik eta umeek arreta medikua jasotzeko Amurriora jo behar dutela. Familiek aldarrikatu dute hirian bertan artatuak izateko eskubidea berreskuratu nahi dutela. "500 haur daude Urduñan 0 eta 14 urte bitartean eta hiritik atera gabe ikusi beharko lukete euren medikua", adierazio dio ama batek Aiaraldea Komunikabideari.
Ondorioz, sinadura bilketa hasi dute eta orriak hiriko dendetan eskuragarri utzi dituzte.
Arazoaren muina
Gurasoek azaldu dutenez, Amurrion hiru pediatra daude eta astean hiru egunetan eskaintzen zuten kontsulta Urduñan -bakoitzak egun bana-. Ordea, iaz medikuetako batek baja luzea hartu zuen eta orduan egin zuen dena okerrera, ordezko medikuak ez duelako, antza, bere lanaldi osoa estaltzen. Berez, ez omen du kontratu jarraitua.
"Ordezko mediku horrek ez du lanaldia osoa betetzen eta, ondorioz, beste pediatrak lanez gainezka daude. Gauzak horrela, Urduñara etortzeari utzi diote eta guk joan behar dugu Amurriora", argitu dute.
Gauzak horrela, urduñarren nahia da zerbitzua zegoen moduan ezartzea berriro eta hori udan ere bermatzea: "Ekainetik irailera arte Amurrion eskaintzen digute kontsulta ohikoan, eta ez hirian".
EH Bildu ere harremanetan jarri da Aiaraldea Komunikabidearekin eransteko bi aldiz eraman duela gaia udalbatzara. Lehenengoa urtarrilean izan zen, eta eskatu zioten alkateari egoerari buruz galdetzea. Atzo ere proposatu zioten udalburuari inplikatzeko arazoaren konponbidean.
Udalaren oharra
Urduñako udal gobernu taldeak, bere aldetik, oharra zabaldu du egoerari buruz. Tokiko erakundeak azaldu du: "Urduñako Udalak herritarrei jakinarazi nahi die aktiboki lanean ari dela, Osakidetzarekin koordinatuta, gure herriko pediatria zerbitzua bizi duen egoerari erantzuna emateko. Otsailaren 2az geroztik, harreman zuzena dugu osasun-zentroko kudeaketa-taldearekin".
Udal ordezkariek aipatu dute gabeziaren jakitun direla: "Badakigu familia askorentzat zaila dela seme-alabak artatzeko beste udalerri batzuetara joan behar izatea, eta argi dugu hori ez dela Orduñarako nahi dugun egoera. Euskal Osasun Zerbitzua-Osakidetza lanean ari da baja ahalik eta modurik egokienean estaltzeko, dauden mugen barruan. Udaletik, jarraituko dugu beharrezkoa dela azpimarratzen, estaldura hori egonkorra, iraunkorra eta kalitatezkoa izan dadin gure
familientzat".