ERREPORTAJEA

Ametsik goienak betetzeko grina

Maider Ramirez Martin 2026ko apirilaren 9a

Aitor Arbaizak eta Josu Beaskoetxeak Ametsgoien izeneko harrera etxea sortu dute Urduñako epizentroan. / Aiaraldea.eus

Josu Beaskoetxea Melchisidor eta Aitor Arbaiza Valero dira Ametsgoien proiektuaren sortzaileak, baina ehunka boluntarioren laguntzagatik izan ez balitz, egoera zaurgarrian dauden emakumeei harrera egiteko etxea ez litzateke gaur irekita egongo Burgos kaleko 4. zenbakian. Proiektuaren nondik norakoak aletu dizkigute, elkartasunaren eta komunitariotasunaren beharra aldarrikatzearekin batera. 

Kasualitatez edo kausalitatez, Josu Beaskoetxeak Noura izeneko emakume bat ezagutu zuen 2023. urtean. Bere jaioterria atzean utzita, Bilbora iritsi berria zen eta egoera biziki gogor bat zeramatzan bizkarrean. Bi eta sei urteko seme bana zituen. Nagusiak, desgaitasun larri bat zela eta, ezin zuen ez ibili ez eta hitzik egin. Bere jatorrizko herrialdetik halabeharrez egin behar izan zuen ihes Nourak, indarkeria kasu larri bat medio. Senarrarengandik banandua zegoen, eta behin, hura mozkortuta zegoela, haur bat kotxearekin harrapatu eta hil egin zuen. Adingabearen familiak mendekua bilatu nahi zuen Nouraren eta bere semeen aurka eta, mehatxu horren aurrean, herrialdetik alde egitea besterik ez zuen izan.

Gurutze Gorrian Lanbide Heziketako zentro batean irakasle da Josu Beaskoetxea eta bertan egin zuen Nourarekin topo. Bere egoera larria kontuan izanik, etxebizitza eta laguntza laster aurkituko zuela pentsatu zuen, baina uste eta desio guztien kontra, ez zen horrela izan: Bizkaiko Foru Aldundiak eskaintzen zuen aukera bakarra zen erakundeak hartzea adingabeen ardura eta Noura kale-egoeran geratzea. 

Josuk eta bere senarrak, Aitor Arbaizak, baliabide guztietara jo zuten, esperientzia baitute horrelako kasuetan: harrera familia dira eta haurrak, kale-egoeran dauden pertsonak zein Ukrainako gerratik ihes egindakoak hartuak zituzten aurretik etxean. “Maila pertsonalean, aspaldidanik dugu harrera proiektu bat familian. Orain bereziki, egoera zaurgarrian dauden emakume migratuak lagundu nahi ditugu uste dugulako etxebizitza bilatzerako orduan diskriminazioa pairatzen dutela, batez ere seme-alabak dituztenek”, azaltzen du Beaskoetxeak.

Horrelako kasuetarako eskuragarri dauden baliabide urriengatik etsita, haien proiektu pertsonala kolektibo bihurtzea erabaki zuten Aitorrek eta Josuk. Horrela sortu zuten Ametsgoien, egoera zaurgarrian dauden emakumeei eta haien seme-alabei laguntza integrala ematea helburu duen proiektua. 

Guztira 450 lagun inguru izan dira modu batera edo bestera haien alea jarri dutenak emakumeentzako  bizileku seguru hau sortzeko prozesuan

Auzolanean eraikia

Foru Plazatik bi urratsetara kokatuta dago Ametsgoien etxea, Burgos kaleko 4. zenbakian.  Martxoaren 1ean inauguratu zuten hiru pisutan banatutako hamabi logelako etxetzarra, baina horraino heltzeko bidea ez da erraza izan. 185.000 euroren truke erosi zuten Aitorrek eta Josuk higiezina eta horretarako mailegua eskatu zuten bankuan: “Hemendik eta 30 urtera zorretan egongo gara bankuarekin. Baina guk ezin dugu ahaztu pribilegiatuak garela: daukagunarekin bizi gaitezke, baita hau egin ere”. Gainera, aitortu dute hainbat lagun eta boluntarioen laguntza ere izan dutela, bai materialak zein altzairuak erosterako orduan, eta baita horiek landu eta espazioa atontzeari begira ere.

Ekarpen ekonomikoak ez ezik, Ametsgoien proiektua eraikitzeko ezinbestekoa izan da auzolana. Hilabeteetan zehar Euskal Herriko eta Espainiako estatuko hainbat txokotatik etorritako boluntarioek eraberritu dute etxebizitza, pintzeladaz pintzelada eta iltzez iltze. Guztira 450 lagun inguru izan dira modu batera edo bestera haien alea jarri dutenak emakumeentzako bizileku seguru hau sortzeko prozesuan.

Baina Ametsgoien etxe soil bat baino zerbait gehiago da. Burgos kaleko eraikinaren hormen atzean ekimen anbiziotsuago bat dago, lo lekua eskaintzeaz gainera, pertsona horien bizitzak berreraikitzen lagundu nahi duen proiektu integral bat. Bertako bizilagunak esparru ezberdinetan autonomia lortzeko lan egingo duen elkarte bat.

Hortaz, unean uneko etxebizitza premiak asetzeaz harago, helburua da laguntza pertsonalizatua ematea izapide administratiboak egiteko, enplegua bilatzeko, formakuntza jasotzeko eta beste hainbat alorretan ere bai. Funtsean lau baitira Ametsgoienen zutabe nagusiak: harrera eman, babestu, sustatu eta integratu.

Horretarako hainbat tresna aktibatu nahi dituzte, eta beste behin ere, prozesu horretan berebizikoa izango da boluntarioen konpromisoa. Tokiko harrera taldeak eratzea da asmoa, Ametsgoien etxera doan emakume bakoitzak erreferentziazko pertsona batzuk izan ditzan kasu ezberdinetan laguntzeko prest egongo direnak, hala nola hitzordu medikoetara joateko edo tramiteak egiten laguntzeko baina baita aisialdiko planak egiteko ere.

Urduñan sustraitzea

Garrantzitsua da azken hori; izan ere, Ametsgoienen biziko diren emakumeak eta haien familiak Urduñan bertan erroak botatzearen beharra azpimarratu dute proiektuaren bultzatzaileek. Asmoa ez da iraupen laburreko larrialdi-baliabide bat eskaintzea, baizik eta egonkortasuna ematea hainbat urtez. Hori bereziki garrantzitsua izango da haurrentzat, etengabe tokiz edo eskolaz aldatu beharrik izan ez dezaten. Josu Beaskoetxeak kontatzen du proiektuaren boluntarioen artean badirela han-hemenkako egoera horretan lehenago egon direnak, eta kasu konkretu bat dakartza gogora, hain zuzen ere, hamabost baliabide etatikigarotako ama baten eta bere haurraren historia. Horrek, Ametsgoieneko sortzailearen ustez, haurra “inongoa ez sentitzea” esan nahi du eta bere bizitzan eta ongizatean erabateko ezegonkortasuna dakar.

“Argi dago ez dugula mundua konponduko baina hainbat jenderi lagundu ahal badiogu, guretzako nahikoa da. Edonork egin dezake zerbait, norbere egoeraren arabera”

Nork bere alea

“Zerbaitek bereziki hunkitzen eta mugitzen bazaitu, egin ezazu horren alde, ez ezazu itxaron beste norbaitek egin arte”. Premisa hori bere ikasleen artean zabaltzea gustuko du Josu Beaskoetxeak eta printzipio horren baitan sortu dute Ametsgoien berak eta Aitor Arbaizak, bere hiru seme-alaben eta ehunka boluntarioen laguntzarekin batera. Bat egiten dute etxebizitzaren auzia arazo estruktural eta konplexua dela, baina, testuinguru horretan, nork bere ekarpena egin dezakeela sinetsita daude: “Nik ez nuen imajinatu ere egiten hau guztia lor genezakeenik. Argi dago ez dugula mundua konponduko baina hainbat jenderi lagundu ahal badiogu, guretzako nahikoa da. Edonork egin dezake zerbait, norbere egoeraren arabera”.

Zentzu horretan, proiektu irekia da Ametsgoien, eta ugariak dira laguntza emateko bideak. Alde batetik, dohaintza ekonomiko puntualak egin daitezke proiektuaren webgunean, txartel, bizum edo banku-transferentzia bidez. Ekarpenak etxearen mantenura, eskola-materialera, elikagaiak lortzera zein laguntza psikologikoa ematera bideratuko dituzte, besteak beste.

Elkartearen beste zutabe nagusia boluntarioen lan komunitarioa da, eta modu horretan lagundu nahi duten herritarrek Ametsgoien.org atarian ere dute izena emateko aukera, formulario baten bidez. Ekitaldi, tailer eta programa ezberdinetan parte hartu, ezagutzak eta denbora partekatu eta erabiltzaileen ondoan egon nahi duen oro ongi etorria da Ametsgoienen. Izan ere, Aitor Arbaizagoitiak eta Josu Beaskoetxeak argi dute: “Zure denborak, energiak eta konpromisoak bizitzak alda ditzakete. Ametsgoienen, boluntario bakoitza funtsezko pieza bat da gure helburuak lortzeko eta gehien behar dutenei laguntzeko”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide