Txomin Robina 76 urterekin hil zen martxoaren 27an eta Orduñan hutsune handia utzita. Izan ere, ondare komunitarioan aztarna handia laga du. Besteak beste, XII. mendeko Gertakari Oneko baseliza berriztu eta konpondu zuen, eraitsi nahi baitzuten etxebizitza gehiago eraikitzeko. Horrez gain, Orduñako buruhandiak berreskuratu eta mantendu zituen urte luzez eta Bihotza pertsonaia bera asmatu zuen, kontakizun herrikoietan oinarrituta. Eta ez hori bakarrik, eskuz eraiki zuen Otxomaioetan erretako lehen Bihotza. Halaber, lehenbizikoz Olentzero kalera ateratzen lagun du zuen, berak egin zuen eta. Gazteriarekin harreman estua zuenez, Gaztetxean ere lan handia egin zuen.
Familiak eta lagunek oroitu dutenez, Txominen izaera gogorra zen eta batzuetan zaila egiten zitzaion bere sentimenduak hitzez azaltzen, baina dena ematen zuen besteengatik, maiz bere ongizatea ahaztuta. “Adibidez, baratzean landatzen zuen gehiena hurbilekoentzat zen”. Langilea, autodidakta eta trebea zen eskulanetan eta borondatea ez zitzaion falta.
Txosnen esparruan ere aitzindaria izan zen. Liburuzaina zenez, txosna jarri zuen bitarteko ekonomikoak eskuratzeko eta liburu bilduma hobetzeko. Hain zuzen, liburuak eta historia ziren bere pasioetako batzuk. Berez, aurpegi ezaguna zen Estatuko hainbat artxibategitan eta batzuetan ehunka urte zituzten liburuak etxera eramaten ere uzten zioten, bazekiten arduraz zainduko zituela eta.
Bere jatorrizko hiriarenganako amodioak bultzatuta, Orduñaren historia arakatu zuen artxibategi ugaritan eta borroka luzea izan zuen Euskaltzaindiarekin, bere ustez, Urduña toponimoa asmakizuna baitzen. Senideek azaldu dute hainbat dokumentu historiko ikertu zituela eta bere ondorioa izan zela Urduña hitza Orduña izenaren ahozkera arabizatua zela.
Hori ez zen izan lideratu zuen gurutzada bakarra. Garai batean ezpata batekin atera zen kalera, irudikatzeko jarri nahi zioten isuna Gertakari Oneko baselizan farola bat aldatu eta hobetzeagatik inori baimena eskatu gabe. Gatazkak gatazka eta borrokak borroka, ez da lekukorik geratu bere aurka.

Technoaren aitona
Dena den, bere izaera berezia islatzen duen arloetako bat da techno musika. trance generoaren zale borrokatua zen Txomin eta 1990eko hamarkadan hasi zen diskotekaz diskoteka joaten. Ez zuen bakarrik egin ezpada 20 urte gutxiago zuen kuadrilla batekin. “Gu liburutegiko erabiltzaileak ginen eta maiz hara jotzen genuen Txomini adarra jotzeko. Noizbait belarritik heldu zigun eta gure atzetik atera zen korrika, baina beti saiatu zen gu ikasle onak eta irakurzaleak bilakatzen. Maitasun handia genion eta nagusitzen joan ginenean, Txominen beste alde bat ezagutu genuen tabernetan. Handik gutxira hasi ginen diskoteketara joaten berarekin”.
Diskotekako kuadrillak hitz onak baino ez ditu Txominentzat: “Gasteizen, Bilbon, Madrilen, La Ruta del Bakalaon Valentzian, Ibizan, Saloun… Leku askotan ibili ginen berarekin eta bere izaera enpatikoari esker ezagunak ginen. Jendea harritzen zen bera ikustean eta berak lortzen zuen guztien lagun izatea”.
Adiskideek azpimarratu nahi dute kide aparta zela, atsegina, berezia eta dena uztartzeko gai. “Batzutan gu igandean etxera heltzen ginen goizeko zortzietan eta bera etxera joan ordez, autobusa hartzen zuen Valladolideko artxibategi batera joateko ikertzera. Une horietan barre egiten genuen, baina orain balioan jarri nahi dugu”.
Bere iloba Unai Bikandik gogora ekarri du technoaren munduan ikono bat zela: “Columbus diskotekan podium bat zen berak erabiltzeko nahi zuenean, berdin zuen nork baliatu nahi zuen, berak zuen lehentasuna”.
Mitoa izateak Fabrik edo Sonar bezalako esparruak ireki zizkion eta sare sozialetan ere milaka jarraitzaile zituen. Osasunak aukera eman zion arte eutsi zion dantza eta musikari eta 72 urterekin Monegroseko jaialdira joan zen.
Lagun, senide, auzolaneko kidea joan zaigu martxoan, baina bere itzala luzea da hirian egin dituen lan guztietan, irakatsi duenarekin —autodidakta izanik— eta sortu dituen une berezi askorekin.
Hirian utzitako aztarnak eta bere oroitzapenek iraungo dute eta bere ohorez egindako buruhandiak jarraituko du dantzatzen urtero Otxomaioetan, Txominek gogoko zuen moduan, Bizkaiko Jaurerriko hiri bakarraren txikiak eta helduak alaitzen.
