Maiatzaren hasierarekin batera, txirrindularitzak hartuko du Urduña. Izan ere, hilaren lehenean, Urduña Hiria Junior Klasikoaren 54. edizioa jokatuko da. 130 txirrindulari gazte inguru eta 14 talde lehiatuko dira 94,7 kilometroko zirkuituan.
Urduñako Txirrindulari Elkarteak mende erdi baino gehiago darama belgikar estiloko lasterketa hau antolatzen eta, nabarmendu dutenez, azken edizioetan garaile izandako kirolariak (hala nola Jon Barrenetxea Hugo de la Calle eta Ibai Villate) gaur egun UCI WorldTour mailan lehiatzen dira, mailarik gorenean, alegia.
Espainiako Txirrindularitza Federazioaren egutegi nazionalean sartuta dago lasterketa eta, beraz, estatuko rankingerako puntuak ematen ditu eta Kopa Bizkaia Bici Dendak txapelketaren parte ere bada.
Bost itzuli egingo ditu tropelak Artomaña, Delika eta Tertangatik barrena, eta Aloriako mendatea birritan igoko du
Iker Santocildes hiriko alkateak adierazi du "harrotasun iturri" dela “estatuko junior mailako txirrindulari onenak Urduñako kaleetan ikustea" eta, aldi berean, “hiria kanpora begira erakusteko aukera paregabea” ere izango dela ostiralekoa.
Zentzu horretan, eskerrak eman nahi izan dizkie “tokiko babesleei, Bizkaiko Federazioari eta proba hau posible egiten duten gainerako erakundeei”.
Ibilbideari dagokionez, bi zatitan banatuko da. 10:15ean abiatuko dira txirrindulariak Foru plazatik, eta Amurriotik, Larruzabaletik eta Las Campasetik igaroko dira ere, Urduñara itzultzeko.
Ostean, bost itzuli egingo ditu tropelak Artomaña, Delika eta Tertangan barrena, eta Aloriako mendatea birritan igoko du, hirugarren eta bosgarren itzulian. Belgikar estilo klasikoko lasterketek dituzten ezaugarriak jasotzen ditu ibilbideak: errepide estu eta bihurgunetsuak, galtzada-harrizko tarteak eta igoera ugari.
Urduña Txirrindulari Elkarteko kide Asier Oiarzabalek zehaztu du lasterketaren lehenbiziko zatia egun horretan bertan lehiatuko den San Joseko jaietako probarekin bat egingo duela denboran, eta zirkuitua ere partekatuko dutela, baina kontrako noranzkoan.
Aurreikusi dutenez, 12:30ak aldera helduko dira helmugara aurtengo Urduña Hiria Junior Klasikoan, irteerako leku berera, hau da, Foru Plazara.