LANDER LOIDI

“Eredu izan nahi nuen nire ikasleentzako, eta uste dut lortu dudala”

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko maiatzaren 14a

El Conquistador del Caribe saioan izan da Lander Loidi urduñarra. / Aiaraldea.eus

LANDER LOIDI VADILLO (Urduña, 1997) heziketa fisikoko irakaslea da Aresketa Ikastolan eta El Conquistador del Caribe telebista saio entzutetsuan parte hartu du berriki. Bizitako esperientziaren nondik norakoak azaldu dizkigu.

El Conquistador del Caribe programako azken edizioan parte hartu duzu berriki. Zerk bultzatu zaitu realityan izena ematera?

Txikitatik izan naiz Conquis zalea, programa hasi zenetik. Betidanik izan naiz nahiko mugitua eta kirolaria, eta programan ikusten ziren probek eta jolasek atentzioa ematen zidaten. Duela zortzi edo bederatzi urte, 18 urteak bete berritan, nire lehenengo castinga egin nuen. Ez ninduten hartu; oso urduri joan nintzen, umetxoa nintzen oraindik. Azken bi urteetan, ordea, asko tematu naiz entrenamenduekin; ez Conquisean parte hartzeko, baizik eta ni hobeto egoteko. Edonola ere pentsatu nuen: "ze ostia! Saiatuko naiz berriro". Eta aurten zortea izan dut.

Noiz egin zuenuen castinga?

Azaroan joan ginen saioa grabatzera, castinga bi hilabete lehenago egin genuen, irailan. Aurreko castingarekin alderatuta oraingoan askoz lasaiago joan nintzen. Banekien nolakoa izango zen. Gainera, programaren ikuslea naiz eta castingetako dinamikak ezagunak nituen.Proba fisikoetan oinarritutako programa bat da, eta profil kirolariak dira gehien bilatzen dutena. Baina gaur egungo Conquisa ez  da duela hamar urtetakoa. Ez dugu ahaztu behar reality show bat dela, eta lehiaketa hutsetik haratago ere, bestelako jokoa eskainiko duten profilak bilatzen dituztela.

Nik argi neukan espektakulo horretan ez nintzela sartuko, edozein kirol-probari aurre egiteko kapaza nintzela erakustera joan nintzen. Ikusi bezain pronto esan zidaten "txulito plantak" nituela. Ez naiz horrelakoa, inondik inora, eta programan ere uste dut erakutsi dudala. Baina kastingean paper horri heldu nion, eta zortea izan nuen.

Espero zenuen zu hautatzea?

Pozik atera nintzen castingetik. Ordu erdi egon nintzen, nirekin kointziditu zuten beste batzuk baino denbora dezente gehiago. Nigan zerbait ikusi zutela argi neukan.

Ikastolan lanean nengoela jaso nuen deia. Eurek esaten dute baiezkoa emateko deitzen dutela soilik.  Aurrehautaketan sartuta nengoela esan zidaten: lanean programan parte hartzeko egunak eskatu behar nituen eta mediku-azterketa egin.

Azaroan joan zineten abenturan.

Euskal Telebistak Miramonen dituen estudioetan elkartu gintuen, eta hortik zuzenean abiatu ginen Santo Domingora, bidean gau bat Madrilen egin eta gero. Ni oso urduri nindoan. Miramongo telebista platoa zapaldu genuen unetik ez genekien non amaituko genuen, ez genuen elkar ezagutzen… dena zen berria.

Nolakoa izan zen egokitutako taldea lehendabizikoz ikustea?

Nik oso positiboki baloratu nuen taldea. Imajinatzen dut programak izango zituela bere estrategiak partaideak nahasterako orduan, baina nik uste oso talde ona egokitu zitzaidala. Bidaia luzea egin genuen elkarrekin, eta lehiaketan murgildu aurretik hiruzpalau egun eman genituen batera Santo Domingoko hotel batean. Hor bazoaz ikusten, nolakoa den bakoitza; norekin bai, norekin ez… Saiatu ginen aurreko edizioetako proba batzuk entseatzen. Orokorrean oso talde ona zela esango nuke.

“Jende askok babestu nau: Urduñan, Ikastolan… Haiengatik nahi nuen gehiago egin, eskerrak ematearren”

Nola baloratzen duzu zure parte hartzea lehiaketan?

Gazi-gozoa. Gehiago egin nezakeela uste dut. Bi aste eman nituen bertan, telebistaren bestaldean dagoen ikuslearentzat bi hilabete eta erdi, hiru.  Nik nire burua oso ondo ikusi nuen hasiera hasieratik. Indartsu. Banekien zein gaitasun fisiko nituen eta oso prest nengoela sentitzen nuen. Mentalki ere ondo egon nintzen. Askotan errepikatzen dizute burua dela Conquisean garrantzitsuena. Harritu egin naiz zeinen ondo ikusi dudan nire burua, uste dut oso prest nindoala. Banekien gaizki pasako nuela batzuetan baina nik nahi nuelako egon naiz bertan.

Probak aipatu dituzu. Zein izan da zuretzat gustukoena?

Jumarrarena asko gustatu zitzaidan, asko poztu nintzen ni hautatu nindutenean horretan aritzeko. Proba mitikoa da, eta aurretik etxean probatua nuen teknika. Karlos Arranz Urduñako alkate ohiarekin praktikatu nuen. Bera espeleologoa da, eta jumarra funtsezkoa da kobazuloetan ibiltzeko. Kontatu nion Conquisera joateko aukerak nituela eta jumarrarekin ibiltzen ikusi nahi nuela. Instalazioa muntatu genuen Urduñako suhiltzaileen egoitzan eta bertan aritu nintzen goiz batez gora eta behera.

Txerriaren proba ere asko gustatu zitzaidan. Akaso Conquiseko friki garenontzat, proba mitikoak egiteak badu bere xarma. Orokorrean oso dibertigarriak iruditu zaizkit gehienak, gozatu egin dut.

Etxean ohitua egon zaitezke kirola egitera, baina bertakoa beste erritmo bat da. Ez duzu ondo jaten, edan gutxi eta lo ere eskas. Probak irabazita ere kanpalekua ez da askoz erosoagoa (barreak). Lehen esan bezala nik bi aste eman nituen bertan.

Programak bilatuko ditu mekanismoak jendea muturreko egoeretara eramateko, ezta?

El Conquistado del Caribe, azken finean, reality show bat da, eta hori argi izan behar duzu uneoro. Realityak bilatzen du zure burua muturrera eramatea, bai eta gainerako partaideekin duzun harremana erakustea. Programatik uneoro ari dira zu hitz eginarazten, hori dute gogokoen. Badago jendea sartzen dena eta badaude ere sartzen ez direnak; baina badakite nondik jo bakoitzaren inpultsoak azaleratzeko.

Nolakoa da  hainbeste kamara eta fokuekin elkarbizitza?

Ez daude hainbeste. Hasieran inpresioa sortzen du, baina azkar ohitzen zara. Uneoro duzu norbait zu grabatzen. Tarteka atsedena ematen dizute, baina gutxien espero duzunean agertzen dira berriro. Baina ohitu egiten zara. Niri oso jasangarria egin zait.

Gogorra egin zitzaizun despedida?

Bai, eta are gogorragoa etxera iristerakoan. Nire huts-egite baten ondorioz kaleratu ninduten. Banekien gehiago iraun nezakeela. Jende askok babestu nau Urduñan, Ikastolan… Haiengatik nahi nuen gehiago egin, eskerrak ematearren.

Programa Santo Domingotik bueltan zaudetela ari dira emititzen. Nabari duzu jendearen berotasun hori?

Bai erabat. Bai ezagunen aldetik, eta baita ezezagunen aldetik ere. Uste dut jendeak naizen moduan ikusi nauela, reality batean egonda ere. 

Ikastolako ikasleei nahi izan zenien bidali mezua zure agurrean. Irakasle zaren aldetik erreferente izango zara haientzako, baina telebistan agertu ondotik are gehiago.

Egundoko ilusioa nuen haiengatik. Ni heziketa fisikoko irakaslea naiz; garrantzia handia ematen diot kirola edo ariketa fisikoa egiten ari garenean gainerakoak errespetatzeari, norbere burua onartzeari, gauza guztien gainetik disfrutatzeari… Hori guztia saiatu naiz transmititzen. Eredu hori erakutsi nahi nien ikasleei eta uste dut lortu dudala.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide