Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak eta Bitar-Bask Eusko Bitartekaritza Elkarteak Emantzipazioa Begira ikerketa lana osatu eta gaur goizean aurkeztu dute Urduñan. EAEn landa-eremuan bizi diren gazteek emantzipatzeko dituzten baldintzak eta beharrak aztertzen ditu txostenak, “erakundeen erantzunak udalerrien errealitate zehatzetik bideratzeko lan-oinarri bat eskaintzeko” helburuarekin.
“Landa-eremuko gazteen emantzipazioari erakundearteko eta zeharkako ikuspegi batetik heltzeko beharra” defendatu du Nerea Melgosa sailburuak.
Xedea hori izanik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zazpi eskualdeetan egin dituzte galdeketak, elkarrizketak eta tailer presentzial zein dinamika parte hartzaileak, 18-34 urteko gazteekin eta baita eragile eta teknikariekin ere. Egoeraren araberako ezberdintasunak gorabehera, hiru lurraldeetako gazteen emantzipazio prozesuan ezaugarri komunak atzeman dituzte, hala nola etxebizitza muga nagusia izatea, enplegua izatea nahikoa ez izatea, familiaren laguntzaren mendekotasuna eta autonomia eta proiektu propio baten desira.
Azpimarratzeko moduko datuak
Gazteen % 51,9k nahiago luke bere udalerrian emantzipatu, eta % 20,7k inguruan antzeko ezaugarriak dituzten herriak aukeratuko lituzke. % 6,7k soilik egingo luke hirira joatearen alde.
Zifra interesgarriak ere ekarri ditu txostenak. Esaterako, inkestatutako gazteen % 51,9k nahiago luke bere udalerrian emantzipatu, eta % 20,7k inguruan antzeko ezaugarriak dituzten herriak aukeratuko lituzke. Kontrara, % 6,7k soilik egingo luke hirira joatearen alde.
Sailaren arabera, landa-eremuko gazteek “bere lurraldearekin duten lotura” agerian uzten du horrek eta, beraz, sustraitzea politika publikoak diseinatzeko elementu garrantzitsutzat jotzen du. Datuok “emantzipazio-politiketan lurralde-ikuspegia txertatzeko dei gisa” irakurri behar direla adierazi du Nerea Melgosa sailburuak gaur goizeko aurkezpenean, eta horretarako baldintzak egon behar direla ohartarazi du.
Izan ere, EAEko gazteen emantzipazioari buruzko datuak arduratzeko modukoak dira: gazteen % 31 baino ez dago emantzipaturik eta batez beste ia 30 urterekin lortzen dute hori egitea. Gazteen artean, hamarretik zazpik aitortzen du bizitza autonomoko proiektu bat izateko egiturazko arazoak daudela, eta hori are nabarmenagoa da landa-eremuetan. Bertan, etxebizitza da oztopo nagusia, ikerketan parte hartu duten gazteen % 91,8k adierazi baitu ez dutela emantzipatzeko aukerarik.
Lortzen dutenen artean, familiaren laguntzak funtsezkoa izaten jarraitzen du, asko laguntzen baitie elkarrizketatuen erdiari baino gehiagori, eta dezente %27,4ri. Dena den, ikerlanak dio emantzipazioa ezin litzatekeela familia bakoitzaren laguntza-gaitasunean oinarritu beharko, horrek desberdintasunak eragin baititzake.
Hirietako eta landa-eremuko errealitate eta baldintzak berdinak ez direnez, “landa-eremuko gazteen emantzipazioari erakundearteko eta zeharkako ikuspegi batetik heltzeko beharra” defendatu du gaur goizean Melgosak, “Udalekin, Foru Aldundiekin, tokiko eragileekin eta landa-garapenarekin eta gazteriarekin lotutako erakundeekin lankidetzan”. Bide horretan, Emantzipazioa Begira diagnostikoa “gazteen emantzipazio-politiketan aurrera egiten jarraitzeko abiapuntu” izan daitekeela uste du Jaurlaritzak.