Urduñako Jaiak Koordinatzeko Mahaiak komunikatua plazaratu du jaietan egondako "eraso matxista larriak" salatzeko. "Komunitate gisa erantzutearen eta indarkeria matxistarekiko zero tolerantzia izatearen garrantzia" azpimarratu du, eta elkarretaratzea deitu du bihar. 20:30ean izango da mobilizazioa, Foru Plazan.
Zabaldutako oharrean adierazi dute "onartezinak" izateaz gain, Urduñan nahi duten jai ereduaren aurka doazela. Bide horretan, "jai libreak, seguruak eta errespetuzkoak" aldarrikatu dituzte, eta kolektiboki erantzuteko beharra azpimarratu dute.
Era berean, erasoak jasan dituzten emakumeei elkartasuna eta babesa adierazi nahi izan diete: "Gogorarazi nahi dugu inor ez dagoela bakarrik, eta arretarako eta laguntzarako baliabideak daudela eskuragarri. Puntu morea edo txosnetara joatea, espazio seguruak baitira".