Iker Santocildes Urduñako alkateak Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministeriorari premiazko bilera eskatu dio Bilboko Hegoaldeko Trenbide Saihesbideari buruz. Izan ere, merkantzien garraioa biderkatuko duen proiektuaren bigarren faseari dagokion azterlan informatiboa une honetan jendaurrean dago, iragan otsailaren 25ean Trenbide Sektoreko Zuzendaritza Nagusiak behin-behingoz onartu ondoren.
Urduñako Udalak ez du zalantzan jartzen ilboko Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen helburuak, baina ezagutu nahi du merkantziak garraiatuko duten trenen eragina herritarren bizitzetan
Tokiko erakundeak azaldu du ados dagoela azpiegitura horren helburuekin -Bilboko portuaren funtzioa indartzea eta errepideko garraioaren mendekotasuna murriztea-, baina, halaber, adierazi du herritarren artean ezinegona sortu duela ezjakintzak.
Berez, trenbideek herrigunea zeharkatzen dute eta Ministerioak ez du argitu zein ondorio izango dituen egitasmoak hirian, bereziki, trenen etengabeko zirkulazioak eragiten duen entzumen-kutsadurari dagokionez, gaueko orduetako zarata eta seinale akustikoak barne.
C-3 linea
Alkateak aipatu duen beste kezka bat da azpiegitura eta zerbitzu berriak Renfeko C-3 lineako tren maiztasunean kalteak sortuko dituen.
Hori guztia lantzeko, Iker Santocildesek aipatu du azterlan Informatiboari buruz irekitako jendaurreko informazio-aldia aukera ona dela proiektua lurraldean behar bezala txertatzeko, udalen iritzia eta ekarpenak kontuan hartuta.
Ministerioari helarazitako idatzian, alkateak azaldu du interesa aztertzen ari diren alternatibak xehetasunez ezagutzeko, bereziki eraginpeko gainerako udalerriek planteatutakoak.