Guardia Zibilak operazioa egin du Urduñan eta hainbat herritan

Aitor Aspuru Saez 2026ko maiatzaren 26a

Guardia Zibila Frankos kalean. / J. G.

Segurtasun indarrek azaldu dute operazio oso zabala dela eta egun batzuk iraungo duela.

Urduñak goiz gorabeheratsua izan du gaur. Izan ere, Guardia Zibileko agente ugari agertu dira lehenengo orduan hiriko zenbait puntutan. Aiaraldea Komunikabideak jakin izan duenez, 7:00ak aldera Maria Dolores Madaria eta Frankos kaleetan egon dira eta bi etxebizitzatan sartu dira.

Urduñarrek eurek azaldu dute armaturik egon direla guardia zibilak eta Frankos kalea itxi dutela. Artikuluko argazkian institutu armatuko dozena bat kide baino gehiago zenbatu daitezke.

Aiaraldea Komunikabidea Guardia Zibilarekin jarri da harremanetan eta Burgoseko Komandantziak azaldu dio ez dutela informaziorik zabalduko. Euren hitzetan, operazio oso zabala da eta herri anitzetan ari dira une hauetan lanean.

Aipatu dutenez, gutxienez egun batzuk egongo da indarrean esku-hartzea eta ondoren argitaratuko dute prentsa oharra.

Vocento taldeak Bilbon, Burgosen, Barakaldon eta Basaurin ere kokatu du Guardia Zibila jarduera berean eta ohiko delikuentziara lotu du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide