Urduñako Udalak ohar berria plazaratu du maiatzaren 29an zabaldutako oharra zuzentzeko. Izan ere, udal igerilekuen bonoa ez dute merketu, iragarri bezala.
Berez, EH Bilduk oposizioko taldeak ere oharra osatu zuen ostiralean adierazteko datu hori ez zela zuzena. Gainera, kritikatu zuen astegunetan sarrerak iazkoak baino garestiagoak direla.
Gaur Udalak argitaratu duen oharra ikusita, EH Bilduk adierazi du eurek egindako salaketaren ondorioz zuzendu duela EAJk aurreko komunikazioa. Halaber, erantsi dute ez dela nahastu direnik.
Komunikazio gehiago
Urduñako igerilekuei buruzko ohar gehiago prestatu ditu Urduñako Udalak azken egun hauetan. Izan ere, larunbatean irekiko dituzte azpiegiturak eta Udalak bere inbertsioa handitu duela jakinarazi du. 120.000 eurokoa izango da aurten.
Egindako jarduketen artean, nabarmendu dute baldosak eta azulejuak ordeztu dituztela, eta instalazioaren mantentze-eta egokitze lanak, eta arazketa-sistemaren eta ekipoen hobekuntzak egikaritu dituztela.
Horrez gain, aurten La Muerako igerilekuetan bi sorosle egongo dira une oro, eta jende gehien biltzen den ordutegian (12:00etatik 16:00etara) eta asteburu eta jaiegunetan, beste hirugarren sorosle bat egongo da.
Abonuak eskuragarri denboraldia hasi baino lehen
Ekainaren 13tik aurrera azpiegitura erabiltzeko abonuak Alondegian eskatu ahal izango dira hilaren 10ean eta 11n. Igerilekuetarako txartela eskatu nahi dutenek bertara joan beharko dute 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 19:30era. Bestela, igerilekuetako harreran bertan, zabalik egongo diren ordutegian, 11:00etatik 20:00etara kudeatu daiteke abonua.
Hain zuzen, 10 eta 20 euro bitartekoak izango dira abonuen prezioak adin-tartearen arabera: 4 eta 13 urte bitarteko haurrek, 14 eta 17 urte bitarteko nerabeek eta 65 urtetik gorakoek 10 euro ordaindu beharko dituzte; 18 eta 65 urte bitarteko helduek, berriz, 20 euro. Familia-bonuak –14 urte arteko seme-alabak dituzten unitateentzat– 30 euroko kostua izango dute, eta lau urtetik beherakoek sarbidea doan izango dute.
Eguneko sarrerek, asteko zazpi egunetan zehar, logika bera jarraituko dute: 4 eta 13 urte bitarteko adingabeentzat, 14 eta 17 urte bitarteko nerabeentzat eta 65 urtetik gorakoentzat kostua 3 eurokoa izango da; eta 18 eta 65 urte bitarteko helduentzat 4 eurokoa. Lau urtetik beherakoentzat sarrera librea izango da.