Hector Lopez Blanco urduñarrak olerki liburua idatzi du eta horren aurkezpena egingo du bihar Alhondegian 19:00etan. Poetak azaldu du Memorias de oro y cenizako testuek pertsona nagusi baten larruan jartzen dutela irakurlea: "Kasu honetan senarra galdu duen eta azkenean bera ere hilzorian dagoen emakumearen azken orduei buruzkoa da liburua".
Egileak aipatu dio Aiaraldea Komunikabideari beti izan duen ametsa bete duela liburua argitaratzean: "Txiki-txikitatik hasi nintzen irakurtzen, eta laster hasi nintzen poesian".
Edonola ere, urte luzez alboratu zuen lana argitaratzea, harik eta une egokia topatu zuen arte: "Azken urteetan, bizitzako kasualitateengatik, laguntzen nuen jendearen bitartez, nire ametsa betetzera itzultzea erabaki nuen".
Bere erreferenteak Federico Garcia Lorca eta Miguel Hernandez dira, baina aitortu du poesia garaikidea ere ezagutu beharra dagoela.
Loraldi Elkarteak ere deia zabaldu du Hector Lopez Blancoren aurkezpena bultzatzeko, eta iragarri du liburuen sinaketa egingo duela amaieran.