Olaran elkarteak eta Urduñako Udalak adostu dute igandeko San Joan Azoka ez egitea. Tradizio handiko hitzordua bada ere, iganderako muturreko beroa iragarri dute eta alerta laranja aktibatuko dute tenperatura horiei aurre egiteko.
Neurri horien ondorioz, 12:00etatik aurrera ezingo da inolako jarduerarik egin eta, hori dela medio, bertan behera geratuko da egitaraua. Olaranek hainbat prebentzio neurri hartuta zituen jadanik (anbulantzia, besteak beste), baina balizko parte hartzaile guztien osasunaren mesederako, ez dute ezer egingo.
Udalak jakinarazi du bazkarirako tiketen dirua itzultzeko moduak azalduko dituztela laster.
Maria Angeles Arbaizagoitia
Azoka egingo ez den arren, Olaranek Zilarrezko Perretxikoa aitortza eman zuen atzo. Aurten ohore hori Maria Angeles Arbaizagoitiari egokitu zaio. Laudioarrak lan handia egin du eskualdean buru osasunaren alde eta horren adibidea da Asasam elkartea, zeinen presidentea den.
Argazkiak: Olaran elkartea