Datorren urtetik aurrera espazio propioa eskainiko die Urduña Hiria Museoak tokiko artista berriei, "proposamen artistiko garaikideei ikusgarritasuna emateko asmoz". Eraikineko 3. aretoa atonduko du horretarako, eta bertan bilduko ditu Artista Berriak erakusketa-programazioan parte hartzeko deialdira batuko diren proposamen guztiak.
Ekimenaren helburua "hurbileko sorkuntza garaikidea bultzatzea da" museoko 3. aretoko arduraduna den Laia Becerra Martinezen hitzetan. Gauzak horrela ibilbide artistikoaren hastapenetan diren sortzaileak laguntzea du xede museoak. Baina artistengan ez ezik, publikoari ere arreta eskaini nahi diote egitasmoaren antolatzaileek: "publikoari esperimentazioan, lengoaien aniztasunean zein berrikuntza artistikoan oinarritutako erakusketa programa bat eskaintzea bilatzen du deialdiak".
Deialdia zabalik
Gaur bertan (uztailak 15) ireki dute proiektuak aurkezteko epea, eta datorren irailaren 30era arte egongo da zabalik. Urduñako, Aiaraldeko, Gorbeialdeko eta Nerbioi-Uribeko bakarkako artista eta kolektiboei zuzenduta dago deialdia, eta bere barruan hartuko ditu arte bisualei, argazkilaritzari, instalazioari, bideo-arteari eta diziplina anitzeko praktikei lotutako proiektuak.
"Deialdi honekin, Urduñako Hiria Museoak indartu egiten du talentu berria sustatzeko eta artisten, lurraldearen eta herritarren arteko topaguneak sortzeko konpromisoa", aldarrikatu dute museoko arduradunek.