Urduñako udal gobernuak orain arte egindako lana balioan jarri du, legealdiko azken urtearen atarian

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko uztailaren 16a

Agerraldia egin du Urduñako udal gobernuak legealdiaren orain arteko balorazioa egiteko. / Aiaraldea.eus

Hiru urte bete ditu Iker Santocildesek gidatutako udal gobernuak, eta orain arte egindako lanaren balorazio positiboa egin du. Urduñaren kanpo proiekzioa indartu izana eta hiria eraldatuko duten inbertsioak abian jarri izana goraipatu dute.

Legealdiko azken urtearen atarian egindako lanaren balantzea egin du Urduñako Udal Gobernuak. Tokiko erakundeak azken hiru urteetan garatutako estrategia aldaketa goraipatu ditu Iker Santocildes alkateak, eta talde jeltzaleak abiatutako bidetik jarraitzeko konpromisoa adierazi du: "hiri bat ez da legealdi bakarrean eraikitzen".

Hiru-urteko gobernu aldian Urduñak "hainbat arlotan aurrera" egin duela nabarmendu du Santocildesek; herritarren parte-hartzean, etxebizitzan, gazterian, jasangarritasunean, sustapen ekonomikoan edota espazio publikoen hobekuntzan. Alkateak bereziki egin du azpimarra herritarrak entzuteko aktibatutako foroetan;  "herritarrei entzuteari esker, lehentasunak identifikatu eta udalerriaren benetako beharrei erantzuten dieten proiektu zein ekimenetan aurrera egin dugu”, adierazi du. Aurrekontu parte-hartzaileen kanpaina jarri dute horren adibide, non herritarren 315 proposamen bildu ziren. Proposamen horietako asko gaur egun errealitate direla azaldu du Santocildesek: informazio-panelak, komun publikoak edota Galdakaoko Ospitalera bertaratzeko autobus-linea, alkatearen hitzetan.

Hiriguneko trafikoaren berrantolaketan egindako lanean ere egin du azpimarra Santocildesek, hiru urteko epealdiaren balorazioa egiterakoan; "kamerak instalatzeari esker, ibilgailuen joan-etorria % 50 inguru murriztu da hirigunean”, zehaztu du alkateak.

Etxebizitza eta gazteria arloei dagokienez, gazteen emantzipazioa bultzatzeko Udaletik abiatutako ekimen desberdinak azpimarratu ditu Santocildesek; hala nola, Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako 25.000 euroko hitzarmena. Bide beretik etxebizitza eskaintza handitzeko lanean ari direla azaldu du alkateak. Horretarako, hiriguneko hainbat orube erosi ditu Udalak azken hiru urteetan; orain, Jaurlaritzarekin aztertzen ari dira orube horien lagapena egiteko moduak, bertan etxebizitza publikoak eraikitzeko asmoarekin. Etxebizitza-kooperatibak sortzeko proposamenak aztertzen ari dira ere, eta, aurki, etxe hutsen inbentarioa osatuko dute.

Udal Gobernuko ordezkariek udalerriko igerileku olinpikoaren birgaitzea kokatu dute legealdi honetako proiektu izar gisa

Udal Gobernuko ordezkariek udalerriko igerileku olinpikoaren birgaitzea kokatu dute legealdi honetako proiektu izar gisa. Azken hiru urteetan hura gauzatzeko finantziazioa eta baimenak biltzen aritu direla adierazi du Santocildesek proiektua "Udal Gobernuaren anbizioaren isla" dela azpimarratuz. Alkateak ziurtatu du igerilekuaren birgaitzeak "inflexio puntua" suposatuko duela hirian.

Hiriaren kanpo proiekzioa

Aurreko agintaldiekin alderatuta, jeltzaleen legealdiko aldaketa nabarmenena "Urduñaren kanpo proiekzioa indartzeko egindako lana" izan dela aldarrikatu du Santocildesek. "Estrategia aldaketa gauzatu dugu. Aukeren zain egotetik ateak jotzera igaro gara, eta horrek fruituak ekarri ditu", azaldu du Urduñako alkateak. Azken hiru urteetan Fitur bezalako nazioarteko azoketan aurkeztu du bere burua hiriak edota Buenos Airesekin zuen lotura historikoa berreskuratu egin dute Juan de Garay Fundazioari esker.

Urduñan bertan antolatu diren ekimen desberdinek ere hiriaren kanpo proiekzioa finkatzen lagundu dutela azaldu du Santocildesek: "Itzuliak hiritik
irteteak eta Mendi Lasterketa, Citycross edo Orbea Gravel bezalako kirol-probak finkatzeak udalerriaren kanpo-proiekzioa ere indartzen lagundu dute".

Baina nagusiki hiria ikus-entzunezkoen sektorean erreferente bihurtzea izan da gobernu-taldeak legeladi honetan aldarrikatu duen helburu nagusia. Bilbao Bizkaia ikus-entzunezko hubaren egoitza bilakatu da Urduña, Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetzari esker: “Lankidetza horri esker, Mariaren Konpainiaren ikastetxe zaharra Bilbao Bizkaia Ikus-entzunezkoen Hubaren bi egoitza fisikoetako bat da jada. Horrez gain, gure hiria Casa Mundo Cero proiektuaren kokaleku ere bihurtu da berriki; ikus-entzunezkoen prestakuntzara, sorkuntzara eta postprodukziora bideratutako eta Euskadiko erreferente izateko bokazioa duen gune berria”, azpimarratu du Santocildesek.

Tokiko ekonomiaren garapena

Ikus-entzunezkoen industriaz haratago, "lehen sektorearekiko eta lurraldearekiko apustua" nabarmendu nahi izan du ere Udal Gobernuak. Arlo horretan Belardi zentroaren inaugurazioa "legealdiko mugarrietako" bat izan dela zehaztu du Santocildes alkateak; "Urduñak lehen sektorearen eta tokiko ekoizpenaren alde egindako apustu historikoa indartzen duen azpiegitura".

Sektore industrialean ere azpimarra egiteko beharra adierazi du Santocildesek. Udal Gobernutik La Rondinako industriagunera enpresak erakartzeko lanean ari direla adierazi dute. Bide horretan, albiste positiboak espero dituzte epe laburrean.

Legealdia bukatzeko urtebete falta den honetan "erritmoa jaitsiko ez dutela" aldarrikatu du Santocildesek: "Bide luzea egin dugu, baina oraindik legealdia dugu aurretik. Proiektuak ditugu hasteko, inbertsioak egikaritzeko eta konpromisoak betetzeko. Elkarrizketaren bidez, hurbiltasunez eta erantzukizunez lanean jarraituko dugu, urduñarren interes orokorraren alde".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide