Animalien ongizatea txarto kudeatzea leporatu dio EH Bilduk Urduñako udal gobernu taldeari

Aitor Aspuru Saez 2026ko uztailaren 21a

Katu bat, artxibo irudi batean.

Oposizioko taldeak kritikatu du azken asteetan hainbat katu zauritu eta hilik agertu direla hirian.

EH Bilduk prentsa oharra zabaldu du kritikatzeko, bere ustez, udal gobernu taldeak ez duela kudeaketa egokirik egin animalien ongizatearen esparruan. Koalizioak adierazi du EAJk animalien aterpea 2024an itxi zuenetik ez duela bestelako proposamenik egin arlo horretan.

Gauzak horrela, oposizioko taldeak salatu du ugaritu egin dela abandonatutako katuen kopurua, animali horiek hilik edo zaurituta agertu direla kalean, eta deskontrola dagoela kolonietan.

Horren aurrean, premiazko kudeaketa exijitu diote udalburuari. Horrez gain, EH Bilduk iragarri du animalien babesa, ongizatea eta edukitze arduratsua arautzen dituen udal-ordenantzaren zirriborroa aurkeztuko duela, udal bakoitzaren eskumena baita animalia horiek antolatu eta kudeatzea. Ordenantza horrek, gainera, aukera emango du Animalien Ongizateari buruzko Legea betetzen dela bermatzeko.

Azkenik, koalizioak katu kolonien zaintzaileei eskerrak eman dizkiete hartu duten konpromisoagatik.

Gogoratu beharra dago 2020tik 2024ra bitartean El refugio de los Sabios aterpea egon zela funtzionamenduan Urduñan. Lau urte horietan 216 animali hartu zituen bere gain babeslekuak, adopzioak bideratzeko zein horien jarraipenak egiteko. Etxerik gabe geratutako edo galdutako animaliei edota tratu txarrak pairatu izan zituztenei tokia egiten zien aterpeak, jabe berrien esku utzi arte.

Berez, tokia ez zen soilik txakur edota katuentzako eremua. Izan ere, txerriak, dortokak edota astoak ere artatu zituzten.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide