Agerraldia egin dute gaur Foru Plazan Iñigo Alberdi Bilboko Orkestra Sinfonikoaren (BOS) zuzendari nagusiak, Iker Santociles alkateak eta Alfredo Ibañez Santa Zezilia Musika Elkarteko kideak. Hirurek landu dute hirian egingo dituzten urratsak musika sustatzeko.
Izan ere, irailaren 4an Josefinoen elizan BOSek kontzertua eskainiko du, 60 musikariren parte hartzearekin. Bere zuzendariak aipatu du 1984tik ez dutela emanaldirik egin Urduñan eta bazela garaia itzultzeko eta tokiko musikaren historiaren parte izaten jarraitzeko, zerbitzu publikoa baita orkestra.
Iñígo Alberdik aurreratu du Beethoven, Reinecke eta Mendelsonen piezak joko dituztela eta oso soinu ona espero duela Familia Sakratuaren Elizan. Halaber, azpimarratu du Alejandro Cantalapiedrak zuzenduko duela emanaldia eta BOSek gogo handia zuela berarekin aritzeko.
Egitasmoa Kontzertuak Bizkaian Zehar programaren barruan egingo dute, Koroatze jaietan.
8.000 euro gehiago perkusioa ikasteko
Horrez gain, Iker Santocildesek jakinarazi du Udalak 24.000 eurora handituko duela Urduñako Musika Eskolari egiten dion ekarpena, hau da, 8.000 euro gehiago.
Horren helburua da perkusioa ikasteko aukera ematea hirian bertan. Alfredo Ibañez Santa Zezilia Musika Elkarteko kideak argitu du eskolak berak bultzatutako ekimena dela eta bi helburu dituela. Alde batetik, herritar orori musika ikasteko parada ematea eta, bestetik, musika bandaren harrobi gisa funtzionatzea.
Ibañez pozik agertu da, xede biak bete dituztela uste duelako. Egun hamar bat lagun ari dira trebatzen eta adin tartea oso zabala da. Batzuek zortzi urte dituzte eta beste batzuk, aldiz, nagusiak dira.
Irailean irekiko dute izena emateko epea eta, esan bezala, metal eta haize musika tresnen ikasketa eskaintza perkusiora ere zabalduko dute.