Musika estilo ezberdinak landu badituzte ere, Urdufolk jaialdiko talde guztiek harrera ona izan dute, antolatzaileen aburuz. Emanaldia FTF Street Band-ek abiatu zuen ostiral arratsaldean, kalez kale musika eraman eta giroa berotu baitzuen.
Ezinbesteko lan hori Harribitxi eta Patax taldeen hitzaurrea izan zen eta bi taldeek ez zuten kale egin eta aparteko zuzenekoa eskaini zuten.
Larunbata
Hurrengo egunean 13:30ean hasi zen egitaraua, Broken Brothers Brass Band-en doinuekin eta antolakuntzak azpimarratu du oso gogoko izan zuela publikoak musikariek egindako kalejira.
Gauera arte itxaron behar izan zuten kontzertu gehiago ikusi eta entzuteko, baina kalitatea handia izan zen. Besaidek eskualdeko Ruben Isasi perkusionistaren laguntza izan zuen eta gero Roberto Sanchezen Lone Ark Meets Message proiektuak ere primeran egin zuen reggaeren uretan murgilduta.
Amaitzeko, Unai Solisen Dardara Soinu Sistemak luzatu zuen gaua.
Antolatzaileek aipatu dute kartelak kanpoko jende ugari erakarri zuela, Zaragoza edota Logroñokoa, besteak beste.
AEFAT
Jende batek El Trasnoren presentzia falta bota bazuen ere —Urdufolkek atsedena eman die aurten— behin betiko balorazioa ona da. AEFAT elkarteak jarritako elkartasun txosnak, adibidez, adierazi dio antolakuntzari uste dutela diru bilketa ona izango dutela.
Gauzak horrela, barne balorazioa eta Udalarekin egin beharreko bileraren faltan, Urdufolk sustatzen dutenek ekin diote hurrengo urteko edizioa prestatzeari, XV.-a izango baita eta zerbait berezia antolatu nahi baitute.
Argazkiak: Urdufolk