Urduñako Udazken Gastronomikoa aurkeztu dute, abendura arte luzatuko dena

Aitor Aspuru Saez

Iker Santocildes gaurko agerraldian. / Aiaraldea.eus

Irailaren 12an abiatu zuten eta abendura arte ekintzek ez dute etenik izango: ibilaldiak, tailerrak, dastatzeak...

Iker Santocildes alkateak Urduñako Udazken Gastronomikoa aurkeztu du gaur. Izan ere, pasa den asteburuan ekin zioten ospatzeari eta oraindik egitarau zabala dute abendura arte. Jardunaldi hauen asmoa da natura, gastronomia, ondare kulturala eta osasuna uztartzea.

Berez, hasiera Gure Ahaleginak upategian izan zen irailaren 12an, mahats-bilketarekin. Proposamenak sagar-zukugintza tailerrarekin jarraituko du Tologorrin (irailak 18), eta hegaztiak behatzeko lehen ibilbide batekin Artomaña eta Delika artean (irailak 20).

Esperientzia hori bera berriro errepikatuko da urriaren 11n, Mendeika eta Babioko behatokiaren artean; azaroaren 15ean, Uzkiano eta Askuren-San Pedro artean; eta abenduaren 13an, Antigua Santutegiaren eta La Rondinaren artean.

Iraila amaitzeko, Gastro Gravel ekimenaren edizio berria egingo dute, irailaren 27an. Urriaren 11n ere jarraipena izango duen txirrindularitza-hitzordu horrek Urduñako inguruneko paisaia adierazgarrienetako batzuk zeharkatzeko aukera emango du, Antiguako Santutegia bera, adibidez.

Urriak lekukoa hartuko du ongizatea, natura eta gastronomia ardatz dituzten proposamenekin. Egitarauak hainbat jarduera bilduko ditu: yoga naturan (urriak 3), Baso Resilienteak ibilbidea (urriak 4), Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoaren kontzertua (urriak 9), bisitak eta dastatzeak Gure Ahaleginak upategian (urriak 10), gilda tailerrak (urriak 17), tindatze ekologikoa (urriak 24) eta Gau Beltzako gozogintza-dastatzearekin batera egingo den kalabaza-bidezko kandela-gintza tailerra (urriak 31).

Horrez gain, herriko ostalaritzarekin lankidetzan antolatutako Pintxo Mikologikoen Ibilbide tradizionala egingo da urriaren 24an eta 25ean, eta Andra Mari plazan "Betiko Bizkaia" erakusketa ere egongo da ikusgai. Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako egitasmo horrek lurraldeko memoria, ohitura eta tradizioak islatzen ditu.

Azaroan, berriz, sasoiko zaporeekin eta tokiko ondarearekin lotuago egongo dira jarduerak. Izan ere, azaroaren 1erako aurreikusita daude Zaporeen Tailerra, Mikologia Eguna eta kalabaza onenaren nekazal lehiaketa.

Egutegia osatzeko, Larruazabalgo ibilaldi etnografikoa egingo da (azaroak 8) eta, jarraian, ibilaldi nordikoa eta gosari agroekologikoa (azaroak 21), ibarreko ibilaldi geologiko eta kulturala (azaroak 22) eta Gure Ahaleginak txakolindegira bisita gidatua izango dira.

Egitasmoa abenduan amaituko da, Gabonetako tradizioari lotutako proposamenekin: dekorazio-tailerra eta intxaur-saltsa zein ardo beroa dastatzeko aukera egongo da (abenduak 5), Belardi hanburgesak destilatuekin eta Troj garagardo artisauekin uztartzeko saioa izango da (abenduak 6), eta Gabonetako azoka berezia ere egingo da (abenduak 19), zeinekin amaiera emango zaion programari.

Ekimenak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du eta izen emateak Turismo Bulegoan egin beharko dira. Egitaraua osorik hemen ikusi daiteke.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide