Eguraldia lagun, ehunka korrikalari eta zale bildu dira gaur goizean Urduñako Foru plazan, Arando kirol elkarteak antolatutako krosean parte hartu zein lasterkariak animatzeko.
Ohikoan bezala, lau lasterketek ezaugarritu dute proba. Hamar eta sei kilometrokoak abiatu dira lehenbizi, 186 eta 142 parte hartzailerekin, hurrenez hurren. Paralinpikoen txanda izan da gero, eta txikien zein "minitxikien" unea iritsi da jarraian. Orotara, 700 parte hartzaile baino gehiago bildu ditu aurtengo edizioak.
Diana Vecillas Sampedro gasteiztarra eta Mounim Abdelali basauriarra gailendu dira lasterketa luzean, eta Ane Lopez Andres laudioarra eta Ibai Magdalena Palacios basauriarra laburrean. Paralinpikoen artean, aldiz, Lucia Villalante Zalduendo eta Iker Teijido Vareak lortu dituzte lehen postuak. Hemen ikus daitezke sailkapen guztiak.
Antolatzaileek positiboki baloratu dute probaren hogeigarren edizioak izandako harrera. Era berean, nabarmendu dute 6 kilometroko lasterketan emakumeen eta gizonezkoen parte hartzea ia parekoa izan dela, baina 10 kilometrokoan lortzeke dagoela oraindik oreka hori. Gauzak hala, hurrengo edizioetan lasterketa luzean parte hartzera animatu dituzte emakume kirolariak.
Argazkiak: Etxosi Bordes Zubiaga eta Txabi Alvarado Bañares