Landa bideak atontzeari ekingo dio Urduñako Udalak. Modu horretan, irisgarritasuna hobetzea, segurtasuna indartzea eta Urduñako landa-eremuan bizi direnen zein bertan jarduten dutenen mugikortasuna erraztea bermatu nahi du tokiko erakundeak. Lanak datozen hilabeteetan hasiko dira eta udalerriko hainbat bide eta sarbidetan burutuko dira.
Aurreikusitako esku-hartzeen artean honako hauek daude: errekan behera eta ezkerraldetik Arbietoko zubiraino doan bidegorri zatia (1.110 metroko luzerakoa), Zedelikako zenbait landa-sarbide, Eukerriako eta Las Rinzaseko zerbitzu-bideak eta El Prado inguruko zenbait hobekuntza. “Esku-hartze horiei esker, aurrera egingo dugu gure hiriko landa-bideen sarea kontserbatzeko eta hobetzeko bidean; izan ere, azpiegitura hori funtsezkoa da eguneroko mugikortasunerako, baita udalerriko nekazaritza eta abeltzaintza-jarduerari eusteko ere”, adierazi du obra eta zerbitzuetako zinegotzia den Xabier Sobronek.
Lan horiek egiteko, Udalak 60.000 euroko dirulaguntza izango du. Horrez gain, Ruzabalgo Batzarrari emandako beste 60.000 euroko laguntza ere kudeatuko du.
“Lanak azpiegitura horiek hobetzean oinarrituko dira, erabilera-baldintza hobeak bermatzeko, joan-etorrien segurtasuna handitzeko eta etxebizitzetara, ustiategietara zein landa-lurretara iristea errazteko”, gaineratu du udal ordezkariak.
Esku-hartze horiek Urduñako eremu gehiagotara zabaltzea aurreikusi dute. Modu horretan, landa-auzoen arteko konektibitatea indartu, bideen zorua hobetu eta hirian bizi direnen zein bertan lan egiten dutenen eguneroko bizitza erraztea lortu nahi du Udalak.