Hiru ibilbide eskainiko ditu Urduñako Mendi Martxak hiriko natura-inguruneaz gozatzeko

Aimar Gutierrez Bidarte

Urriaren 11n egingo dute Urduñako Mendi Martxaren XXI. edizioa. / Aiaraldea.eus

Urduñako bailara gertutik ezagutzeko aukera eskainiko du Urduñako Mendi Martxak igande honetan. Gaur egin dute kirol probaren XXI. edizioaren aurkezpena.

Urduñako Mendi Martxaren XXI. edizioa antolatuko du igande honetan Txarlazo Mendi Taldeak. Gaur egin dute martxaren aurkezpena eta bertan izan dira klubeko ordezkariak, Iker Santocildes alkatea eta Uxue Mendibil Kultura eta Kirol zinegotzia.

Martxak bi hamarkadako ibilbidea bete izana goraipatu du Mendibilek, eta "hiriko egutegian markatutako hitzordua" dela azpimarratu du. Udaletik eskerrak eman nahi dizkiote "Txarlazo Mendi Taldeari jarduera hau antolatzeko egiten duen lan guztiagatik".

"Gure bailara gertutik ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen du mendi martxak" goraipatu du bere aldetik Juan Angel Velez Txarlazo Mendi Taldeko kideak. Luzera desberdinetako hiru ibilbide prestatu dituzte eta, Urduñako lurrak ez ezik, Burgoseko zein Kuartangoko mendiak ere zeharkatuko dituzte. Izen emateak egunean bertan egingo dituzte, 7:30etatik aurrera Foru plazan

Mendiaren hilabetea

Mendi martxak bat egingo du Urduñako Udalak eta Txarlazo Mendi Taldeak elkarlanean antolatutako "Mendiaren Hilabetearekin". Egitasmo honekin mendizaletasuna eta honen historia eta kultura herritarrengana gerturatzea dute helburu. Programazio horren barruan 60 urte baino gehiagoko historia duen hiriko mendi taldeari buruzko argazki-erakusketa atondu dute Alondegian, urriaren 18ra arte egongo dena ikusgai.

Horrekin batera, hitzaldi zikloa ere prestatu dute. Gaur bertan Gorbeiako gurutzeari buruzkoa eskainiko du Iñaki Garcia Uribek. Urriaren 14an, aldiz, Gorobeleko abeltzaintzari lotutako txabola eta "txaulak" izango ditu hizpide Juan Hidalgo historialariak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide