Gizon bat atxilotu du Ertzaintzak asteburuan Urduñan, beste bati begian lesio larriak eragitea egotzita. Ertzaintzak ostiraletik larunbatera bitarteko gauean jaso zuen abisua, 5:40ean. Azaldu dutenez, erasoa pairatu zuen gizonak 44 urte ditu eta kalean topatu zuten, atari batetik atera eta gero.
Polizien arabera, atari horretan odol arrastoak zeuden eta baita kalteak ere altzarietan. Gizonak zauriak zituen buruan eta traumatismo handia ezkerreko begian. Anbulantzia bertaratu zen eta Gurutzetako Ospitalera eraman zuen.
Ondoren, poliziak hiriko beste etxe batera jo zuten ustezko egilearen bila. "Etxebizitzaren ondoan, patruilak odol arrastoak zituen metalezko barra bat aurkitu zuen lurrean. Labana bat ere aurkitu zuten kalean, estolda baten barruan, biktima zegoen tokitik gertu. Ertzaintzak bi objektu horiek atzeman zituen delituaren balizko froga gisa", azaldu dute.
Nabarmendu dutenez, atxilotuak 32 urte ditu eta bestelako istilu eta erasoak izan zituen biktima berarekin aurretik. Horrez gain, aurrekari polizialak ditu, aurretik beste bi aldiz atxilotu baitute. Gauzak hala, gizona espetxean sartzea erabaki du Bilboko Guardiako Epaitegiak.