Pasa den astean izan zen Urduñako urriko udalbatza eta tasa turistikoaren prezioa zehaztu zuten bertan. Berez, EAJren proposamenak egin zuen aurrera (gehiengo baitu) eta Bizkaiko Foru Aldundiak markatutako tasak baliatuta, etxebizitza turistikoei eta lau izarreko hotelari 4,5 euroko zerga ezarri zizkion eguneko.
EH Bildu abstenitu egin zen eta argudiatu du etxebizitza turistikoei tasa garestiagoak kobratzearen alde dagoela, baina ez zela bere proposamena bozkatu. Koalizioaren asmoa zen hotelaren zerga 3,5 eurotan uztea eta apartamentuena, aldiz, 4,5 eurotan.
"Urduñan, gaur egun, erabilera turistikoko 13 etxebizitza daude legeztatuta; 67 plaza guztira. Nahiz eta egoeraren handitasuna beste udalerri batzuetakoa ez izan, EH Bilduk beharrezkotzat jotzen du modu prebentiboan jardutea, ez daitezen etxebizitza gehiago bideratu negozio turistikora; horrek alokairuaren merkatuari kalte egiten dio-eta", azaldu du oposizioko taldeak.
Halaber, koalizioak adierazi du etxebizitzei erabilera turistikoa emanez gero, ohiko alokairu-eskaintza murriztu daitekela eta hotelak, aldiz, propio turistentzat sortutako espazioak hartzen dituela eta, gainera, enplegua sortzen duela.
Turismoak tokiko ekonomiari laguntzea defendatzen duela erantsi du EH Bilduk; baina etxebizitzak arrazoizko prezioetan eskuratzeko aukera oztopatu gabe, batez ere gazteei dagokienez.
Urduñako nagusien egoitzan inbertsioa
Halaber, EH Bilduk argitu du Urduñako adinekoen egoitzan 69.637,26 euroko inbertsioak egiteko erabakia babestu zuela, aurrekontu-aldaketaren alde bozkatuta. Partida 2025eko diruzaintzako gerakinaren kontura finantzatuko da, aipatu dutenez.
Azaldu dutenez, 2025eko eta 2026ko udal-aurrekontuen eztabaidan, inbertsio horietarako baliabide gehiago eskatu zituen koalizioak: "Ados gaude; diru gehiago bideratu behar da egoitzarako. Hori jada proposatu genuen 2025eko eta 2026ko aurrekontuei begira. Ez dugu ulertzen zergatik gobernu-taldeak hainbeste denbora behar izan duen erabakia hartzeko».