Amaierara iritsi da Urduñako kaleak hilabetez hartu dituen "Blanco" pelikularen grabaketa

Aimar Gutierrez Bidarte

Urduñako kale eta plazak hartu ditu Blanco pelikularen grabaketak azken hilabetean. Gran Via kalean grabatu zituzten aurreikusitako kanpoaldeko azken eszenak iragan asteburuan, eta orain zinema platoetara lekualdatuko dute ekoizpena. Datorren urtean estreinatuko dute pelikula, Miguel Angel Blancoren bahiketa eta heriotzaren 30. urteurrenean.

Hilabetez luzatu da Blanco pelikularen grabaketa Urduñan eta dagoeneko bukatu dituzte kalean grabatu beharreko eszena gehienak. Azaro hasieran ekin zioten Felix Viscarret zuzendariak gidatutako filmaren grabaketari, eta azken asteetan 30 urte atzera egin dute hiriko kaleek, ETAk Miguel Angel Blanco erail zuen garaira. Kanpoko lokalizazioetako eszena guztiak grabatuta, barruko eszenak grabatzeari ekingo diote orain zinema platoetan. 

Foru Plazan edota Gran Via kalean izan dira Miguel Angel Blancoren bahiketa ardatz duen filma grabatzen.

Iragan aste bukaeran Gran Via kalea hartu zuen errodajeak, baina aurretik Foru Plazan, Antiguako pasealekuan edota Urduñako Udaletxean bertan izan dira, Ermuko zinegotziaren bahiketa eta hilketa ardatz duen filma grabatzen. Besteak beste, Gran Via kaleko atarietan irudikatu ditu Viscarret zuzendariak Blanco-Garrido familiaren etxeko ataria eta Jon Sistiaga kazetariarena.

Mikel Bustamante amurrioarra protagonista

Bahiketaren atzetik ibili ziren kazetariek ardazten dute Blanco pelikularen istorioa. Eneko Sagardoy aktore durangarrak gorpuztuko du Sistiaga bera. Miguel Angel Blancoren paperean, aldiz, Mikel Bustamante amurrioarra egongo da. Bustamantek ibilbide oparoa egin du zineman zein telebistan. Maixabel, La casa de papel, Nasdrovia edota Cinco lobitos ekoizpenetan egin du lan. Azken film horretako parte-hartzeagatik Goya sarietarako izendapena jaso zuen, errebelazio aktore onenaren kategorian.

Aktore ezagunen zerrenda askoz luzeagoa da: Jon Ander Urresti, Natalia Huarte, Carlos Scholz, Lander Otaola, Susana Abaitua, Urko Olazabal, Amaia Aberasturi, Israel Elejalde eta Ramon Barea, besteak beste.

2027ko uztailean iritsiko da zinema aretoetara Blanco pelikula. 30 urte beteko dira orduan ETAk Miguel Angel Blanco bahitu eta hil zuela, eta urteurrenarekin bat egingo du estreinaldiak. Ekoizpenak hasieratik izan ditu Miguel Angel Blanco Fundazioaren eta Ermuko zinegotzia izandakoaren familiaren babesa.

Argazkiak: Aimar Gutierrez Bidarte

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide