Terminal T2 aretoan egongo dira martxoaren 22an Joseba Sarrionandia eta hainbat gazte oholtzan. Ibarrekolandako Batxilergo artistikoaren ikasleak Joseba Sarrionandiaren unibertsoan murgildu dira eta sormen lan ikusgarri bat ondu dute. Teatroa, dantza, poesia, musika… uztartuko dituzte eszenan. Iurretako poeta bera ere izango da gazte haien artean.
Nor da poeta heldu berria? Nondik dator? Zerk ekarri du bueltan? Badago joan zena etorri egin dela esaterik ala oraindik ere joanean dabil? Badago inoiz itzultzerik? Zer dakar bere poltsiko zulatuetan? Non egon da? Nola egon zitekeen han hona nahi zuena? Zein izan da bere bidaia? Zerk bultzatu zuen joatera? Zergatik? Zein da bere jatorria? Badu aberririk ala ez den herrialde baten kartografoa da? Zein da darabilen hizkuntza mendre hori? Hizkuntza horretan ba al da esna-kantarik?
Nor da heldu berria? Oraingo hau al da orduko hura? Eta gu? Bagara ginena? Bagara ginenak? Ikusten duena da gogoratzen zuena? Zer du gogoan poetak? Eta guk, zer dugu guk gogoan? Zer oroitzen dugu? Akordatzen gara ala akordatu barik bizi gara? Ba al gara ezer oroimenaz besterik?
Ikuskariaren soinu banda osatzeko Eñaut Elorrieta, Ken Zazpi, Berri Txarrak, Mikel Laboa, Xendarineko ahizpak, Hiru Leike, Iñigo Muguruza, Andoni Basterretxearen… kantak erabili dituzte.
Ongi etorri Bilaka mundu fantastikora. Iparraldean dugun dantza talderik nabarmenetako baten bisitaldia da. Orain kolektibo honek euskal mitologia hartu dute sormen iturri. Beraz, iñauteriko errituak, kondairak, legendak eta beste istorio batzuk dira dantza pieza honen osagaiak. Taldearen ibilbideari jarraituz, dantza garaikidea burutzen dute euskal sustraietatik abiatuz.
“Izena duen guztia bada”. Lau dantzarik eta musikari batek liluragarriak zein izugarriak diren hamaika pertsonaia bitxi taularatzen dituzte. Dantza sorkuntza honetan gorputzen mugimenduak, musika zuzenean eta jantziak uztartzen dira, gure irudimen kolektiboa osatzen duten ipuin eta kondairak berrikusiz.
Mathieu Vivierren zuzendaritzapean Bilaka kolektiboak urrats berri bat eman du gure iruditeria berria sortzeko bidean. Proposamen artistikoa ahalik eta gertuen gozatzeko prestaturik dago, horregatik ikusleak ikuskariaren inguruan jarriko dira. Sorkuntza hau ikusle guztientzat da.
Sariduna: Nekane Aginako
Zozketan parte hartzeko epea bukatu da.