“Ekintza guztietan topera egotea, hori da Damaren funtzioa. Ea lortzen dudan!”

Txabi Alvarado Bañares 2017ko uzt. 20a, 07:38

15 urte daramatza Maribel Ramirez Garciak Luiaondon bizitzen. / aiaraldea.eus

MARIBEL RAMIREZ GARCIA (Amurrio, 1974) Luiandoko Jaietako dama izateko hautatu dute. Biharko txupinazoko protagonista izango da.

Luiaondoko Jaien Dama izateko hautatua izan zara. Espero zenuen?
Ez nuen espero. Duela bi urte ere proposatu zidaten Dama izatea, baina ezin nuen oporretan nindoalako. Aurten, aldiz, posible dut.

Nola erabakitzen da nor izango den Dama?
Boto bidez aukeratzen da, Gaztedi Berriak koadrilako kideen artean, ez da herri osoko aukeraketa bat.

Duela 45 urte baino gehiago sortu zen koadrila, baina kideak nagusitzen zihoazen heinean albo batera utzi zuten egitasmoa, harik eta 2008an tradizioa berreskuratu zen arte, herri-arima eta ondo pasatzeko gogoak baliatuta. Taldea kultur elkarte gisa antolatuko dugu laster.

Zein da Damaren funtzioa?
Jaien ekitaldi guzti-guztietan egotea, festaren ordezkaria baita. Goiz jaiki beharko naiz, mezara eta gainontzeko ekitaldietara joateko.

Posible izango duzu ekintza guztietara joatea?
Ba posible izan beharko dut! -barreak-. Alabak nirekin eraman beharko ditut, senarra txosnan egongo delako. Baina pozik uztartuko ditut bi ardurak, asteburua denez ez dut lanik egin beharko.

Bonboa ere izango du esku-artean. Entrenatu duzu?
Bat ere ez! Baina beno, erakutsi didaten nola jarraitu behar dudan erritmoa: pa, pa, papapa! -keinua egiten du eskuarekin-. Ea zenbat pisatzen duen instrumentuak!

 

“Luiaondora bizitzera etorri nintzenean hemengo jaiek ez ninduten bat ere ez erakartzen, baina orain asko gustatzen zaizkit. Festa txikiak dira, herrikoak”



Duela 15 urte etorri zinen Amurriotik Luiaondora bizitzera. Bilakaerarik sumatu duzu herriko jaietan?
Lehen urteetan hemengo jaiek ez ninduten bat ere ez erakartzen, ez nuen inor ezagutzen. Baina alabak jaio zirenean harremanak garatzen hasi nintzen, eta adiskide handiak egin ditut. Jai txikiak dira, herrikoak, baina apurka apurka badoa jendea animatzen.

“Lo egiteko herria” izateari utzi dio, beraz?
Niretzako bai, gaur egun ez naiz ia herritik ateratzen, dena egiten dut bertan; eta jende asko dago nire egoera berdinean. Asko gustatzen zaizkit Luiaondoko Jaiak, oso herrizalea naiz. Bihotz erdia dut Amurrion eta beste erdia hemen.

Zergatik dira bereziak Luiaondoko Jaiak?
Oso ondo pasatzen duzulako, oso giro ona baitago. Ez gara asko, eta gure artean gehiago erlazionatzera bultzatzen gaitu horrek. Hori da gustatzen zaidana niri.

Eta San Lorentzo eta Santo Domingoko Jaiak?
Santo Domingokoa da gehien gustatzen zaidana, jende asko joaten da. Bero asko egin ohi du, baina oso giro ona dago. San Lorentzokoa ere oso ondo dago, eguraldia laguntzen badu.

Zer asmo duzu jaiei begira?
Ekintza guztietan topera egotea, ea gorputzak jasaten duen!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide